Oñatiko udala

Itxi da San Martindik Umerez baserrirako bidea.

2014/04/28
Card image cap
Murgia auzora joateko, Murgialdai baserritik barrena joan beharko da. Bide mozketak lauzpabost aste iraungo ditu.

  Bitartean, San Martingo etxaldea eta Umerezko depositua elkar lotzeko hoditeria sartuko da. Izan ere, San Martingo etxaldeak egun duen ur presio arazoa konpontzeko hornidura hartune berria egingo baita Umerezgo depositutik esan bezala. Martingo etxeen ur presio arazoa aspalditik dator, auzunearen goialdeko eraikinek hasieratik duten arazoa baita.

  San Martingo plan nagusiak etxaldearen ur hornidura Umerezko depositutik egingo zela aurre ikusten zuen. Horretarako hoditeria berria sartuko zen ur biltegitik auzoraino. Hasierako egitasmoa hori bazen ere, auzuneko lehen etxe blokeak eraiki zirenean herriko ur hornidura sarera lotu ziren. Behealdeko etxe horietan ez zen ur presio arazorik antzeman eta ondorioz, Umerezko depositorako hoditeria sartu gabe etxebizitza berriak jaso ahala herriko ur hornidura sare nagusira lotzen joan ziren. Goialdeko etxebizitzetan ordea, ur presio arazoa sortu zen. Hasieratik jada, ura nahikoa indarrez iristen ez zela salatu zuten bizilagunek eta ondorioz, berogailuak eta martxan jartzeko zailtasunak zituztela. Konponbide moduan, eraikin bakoitzean ponpa-gailuak jarri ziren baina horiek ere ez ziren nahikoak izan.

  Auzotarrak sarritan zuzendu dira udaletxera eta eraikuntza enpresetara kexaka eta behin betiko konponbide eske eta orain, hasieran aurreikusita zegoen proiektua gauzatzea erabaki da. San Martingo etxalderako ur hornidura Umerezko depositutik egingo da eta horretarako, ur biltegitik auzorainoko hoditeria sartuko da. Baina lanek esan bezala, Murgiako auzotarrengan ere eragina izango dute hodia sartu ahal izateko auzorako bidea itxi egingo baita. Itxi edo moztu, San Martindik Umerez baserrira doan bidea ordu eta erdi barru, 14.30tan itxiko da eta halaxe mantenduko da lauzpabost astetan. Auzotarrek beraz, Murgialdaitik bueltan ibili beharko dute.

  Umerezko ur depositotik San Martin etxalderainoko hoditeria sartzen amaitu eta beharrezko probak eginda, etxaldeak herriko sare nagusitik egun  duen lotura etengo da eta zuzenean Umerezkora konektatuko da. Horrela auzuneak izan duen ur presio arazoa behin betikoz konpontzea espero da. Eta hori oso garrantzitsua da San Martingo etxaldea osatzeko beste 132 etxebizitza berri eraikitzea aurre ikusten baita.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!