Iruzur ahalegin baten berri eman du Udaltzaingoak
Oñatin eta inguruetako herrietan salatu den iruzur baten berri zabaldu du Udaltzaingoak. Pakete bat entregatu behar eta jasotzailea etxean ez dela esanez, paketea hartu dezan eskatzen zaio ondoko bizilagun edo dendariari. Baina diru kopuru bat ordaindu behar da, enkargua kontrarrenboltsora egin delako. Bizilagunari mesede egiteagatik, ordaindu eta paketea jasotzen denean gertatzen da iruzurra, inork ez baitu ezer eskatu. Baina paketea jaso beharko lukeen bizilaguna iritsi arte ez da agerian geratzen, eta ordurako, ustezko garraiolaria joanda dago.
Halako iruzurra Oñatin eta eskualdean gertatzen ari dela adierazi digu Udaltzainburuak eta iruzurgilearen deskripzio bat ere eman digu: 45-50 urte arteko gizonezkoa da, kirol arropaz jantzita ibiltzen da, bisera darama eta ilea pitin bat luzea, melena dauka. Euskaraz berba egiten du eta, dirudienez, furgoneta batez dabil hara eta hona. Halako iruzurrik edo iruzur ahaleginik izanez gero berehala udaltzaingora deitzea eskatzen da, eta posible bada, iruzurgileak erabiltzen duen ibilgailuaren matrikula apuntatu eta jakinaraztea.
Herriko dendariei iruzur ahalegin honen berri eman zitzaien atzo arratsaldean eta oharra sare sozialen bitartez zabaltzen ari da. Halako iruzur ahalegin pare bat salatu dira Oñatin Udaltzainburuak jakinarazi digunez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!