"Irisgarritasunaren ibilbideak" egitasmoan parte hartzeko deialdia zabaldu du Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak

Iaz ekin zion Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak Irisgarritasunaren ibilbideak izeneko egitasmo honi. Helburua, Oñatin irisgarritasun arloan egon daitezkeen gabeziak, edo hobetu daitezkeenak, jaso eta hobetzeko proposamenak udalari helaraztea da; denon artean, herritar ororentzat eroso eta atseginagoa izango den herria egokitzea da asmoa. Iazko udazkenean erdigunea eta kanposantu ingurua aztertu zuen Nagusien Mahaiak, astelehenean, San Lorentzo, Olakua eta Kale Zaharra, Lizaur kaletik beherantz aztertuko da. Horretarako, interesa duten herritar guztiak gonbidatzen dira ibilaldian parte hartzera.
Foruen enparantzan, goizeko 10:30etan egin da astelehenerako hitzordua. Bertan izango dira Pertsona Nagusien Mahaiko kideak herritarrei harrera egiten eta irisgarritasunaren ibilbidea egitasmoa zertan den eta astelehenean zer egin nahi duten azaltzen. Ondoren, ibilbideari ekingo diote, han eta hemen ikusten dituzten irisgarritasun gabeziak identifikatu eta jasotzen. Irteerak ordu eta erdi irautea aurreikusten da, eta 12:00etarako amaitzea da asmoa.
Irisgarritasunaren ibilbideak egitasmoa herrira eta ahalik eta herritar gehienera zabaltzeak badu arrazoi praktikoa, arinago eta modu osatuagoan egin baitaiteke, bakoitzak izan ditzakeen behar eta zailtasunak ezberdinak eta anitzak direlako. Horren haritik dator Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak luzatu duen dei eta gonbidapena: astelehenean, 10:30etan, plazan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!