Irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egiten ari dira Urgain herri eskolan
Oztopo arkitektonikoan ezabatu eta hezetasun arazoak konpondu nahiz zaintzeko hainbat lan egiten ari dira Urgain herri eskolan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskatuta, oztopo arkitektonikoak kendu eta ikasleen irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dira eraikineko eskaileretako batean, sarrera nagusitik hurbilen daudenetan. Haurren altuerara egokitutako eskudelak jarri dira eskaileratan, solairu guztietara modu erosoan iristeko. Lehenago ere heldulekuak bazeuden baina haurrentzako altuegi, orain, lurretik 70 zentimetrotara baranda berriak jarri dira; irristagaitza den material leuneko eskudelak jarri dira. Mugikortasun arazoak dituzten hainbat haur daude ikastetxean eta autonomiaz mugitu ahal izateko oztopoak kendu eta instalazioak egokitzea garrantzitsua da. Lanak Herreria Mitxel SLk egin ditu 8.330 eurotan.
Aldi berean, hezetasun arazoak konpondu eta zaintzeko beste lan batzuk egiten ari dira Urgain eskolan. Eraikinaren sotoan hezetasun puntuak azaldu dira, bi urtekoen geletatik irteten den patioaren parean. Patioaren kanpoko horma egoera txarrean dagoela ikusi da eta ura bertatik sotora filtratzen dela ondorioztatu da. Tela asfaltikoa jarri da patioan eta horma bernizaz iragazgaitzen ari dira. Lanak, aste honetan bertan amaitzea aurreikusten da.
Orain urte batzuk, bestalde, Urgain ikastetxeko teilatua inpermeabilizatu egin zen. Lan horien jarraipena egiteko teilatupera ateratzeko leihatila berria ireki da, eraikinaren mendebaldeko hegalean. Halako bakarra zegoen eta zaila zen teilatu guztia bertatik ikuskatzea. Zuloa egin da eta leihatila bera datorren astean kokatzea espero da. Irimo igeltseritza enpresa ari da lan hauek egiten, 3.744 eurotan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!