Oñatiko udala

"Iraultzaren bidean" jardunaldiak, aisialdirako alternatiba eta militantzia politikoa uztartuz

2024/07/10
Card image cap
Deba Bailarako GKS eta IAk antolatu dituzte, gaurtik ostiralera

  Deba Bailarako Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleak-ek antolatuta Iraultzaren bidean jardunaldiak egingo dira, gaur, bihar eta etzi, Bergaran, Oñatin eta Arrasaten, hurrenez hurren. Jardunaldi ibiltariak izango dira eta kontsumismotik haratagoko aisialdi ekintzak eta formakuntza politikorako ekintzak uztartuko dira. Hala, hitzaldiak, solasaldiak eta mahai-inguruak antolatu dira baina baita ere, 3X3, bolo eta Usakon egingo den salto txapelketa, proiekzioa edota kontzertuak.

  Bergarako Kartzela Zaharrean 16:30etan egingo zaie partaideei harrera eta 3X3 txapelketaren ondoren San Martzialera igoko dira. Bertan bolo txapelketa izango da eta afariaren ostean kontzertu akustikoa. Gaua, San Martzialen egin eta gero, gosaldu eta Oñatira mendiz etorriko dira, bihar. Bazkaria, San Martinen egiteko asmoa dago. 17:00etan salto txapelketa jokatuko da Usakon eta, eguraldia lagun, afaldu eta ondorengo proiekzio eta solasaldia ere Usakon egingo dute bihar. Ostiralean bertan gosaldu eta Arrasaterako bideari ekingo diote, Gaztetxean, 14:30etan bazkaria izango dutelarik. Bertan izango dira ondorengo ekintzak ere: Musika Euskal Herrian, politika ala industria kulturala mahai-ingurua eta gaueko kontzertuak. Tartean, poteo girotua antolatu da.

  Hiru eguneko egitarau honen helburua da, aisialdirako beste aukera bat eskaini, militantzia politikorako eta formakuntzarako elkargunea sortu eta bailarako GKS eta Ikasle Abertzaleak taldeko kideen arteko harremana sendotzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!