Irailera arteko azken elkarretaratzea egingo dute herriko pentsionistek astelehenean
Eta kutsatze arriskuak hortxe dirauelako, ez dute beste urte batzuetako ospakizun berezirik egingo ikasturteari amaiera emateko. Iaz esaterako, txistorra pintxoekin bukatu zuten kontzentrazio denboraldia. Aurten ez da egingo. Hala erabaki zen azken elkarretaratzearen ondoren.
Koronabirus pandemiak zuzenki eragin die herriko pentsionisten asteroko mobilizazioei, martxo erdialdetik maiatza bukaerara arte elkarretaratzeak eten behar izan baitzituzten. Baina aldarrikapenek hortxe jarraitzen dute eta ekaineko lehen astelehenean berriro plazan azaltzeari ekin zioten.
Asteroko elkarretaratze hauetan pentsio duinak eskatzen dituzte: Europako Karta Sozialak aholkatzen duen gutxieneko pentsioa, 1080 euroko pentsioa, alegia, indarrean jartzea eta euskal pentsio sistema publikoa izatea eskatzen dute, besteak beste. Aldarrikapen horiek astelehen eguerdian entzungo dira berriro eta udako etenaren ondoren, irailean itzuliko dira herriko plazara. Irailaren 7an hasiko dira berriro elkarretaratzeekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!