Oñatiko udala

Irailera arte atzeratu da arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroa

2023/07/11
Card image cap
Jarritako laneratze helburua lortzeko gutxieneko bermea ziurtatu nahi da

  Langabeei zuzendutako formakuntza ikastaro honen helburu nagusia partaideen laneratzea da, baina nekez lortuko da, ikasleek lan baimenik ez badute edota hori eskuratzeko gutxieneko denbora ez badaramate estatuan bizitzen. Gabezia hori duten hainbat lagun daude izena emanda arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroan. 22 lagunek eman dute izena ikastaroan, nahiz eta 15 plaza bakarrik dauden, baina laneratzeko helburua betetzeko aukera luketenak dezentez gutxiago dira. Horregatik, ikastaroa irailera atzeratzea erabaki dute udal arduradunek. Bigarren aldia da formakuntza ikastaro hau atzeratzen dela. Uztailaren 3an hastekoa zen, 12ra atzeratu zen eta orain irailerako finkatu dute. Bitartean, interesa dutenen izenak hartzen eta elkarrizketak egiten jarraituko du udaleko enplegu teknikariak.

  Arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroa teoriko-praktikoa da; 450 orduko iraupena du eta horietatik 80 praktikak egiteko izango dira. Eskolak Zubillagako Olaburu zentroan emango dira, astelehenetik ostiralera, 14:00etatik 17:45etara. Praktikak berriz, Oñati eta eskualdeko egoitzetan egin ohi dira. Ikastaroa Bastida akademiak emango du. Arloan eskarmentua eta ziurtagiria du eta denbora darama gurean halako ikastaroak ematen; orain aste gutxi pareko kurtsoaren alde teorikoa amaitu dute Olaburun.

  Udalak, Bastida akademiarekin, Elkarzabal Integraziorako Elkartearekin eta Bidebarri laneratze enpresarekin elkarlanean antolatu du arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroa. Foru Aldundiak diruz laguntzen du eta eskualde mailako proiektua da. Horregatik, Debagoieneko langabeei zuzenduta dago, zaintza sektorean lan egin nahi eta arloan formatu nahi duten langabeei zuzenduta dago. Interesatuek udaleko enplegu departamentuan eman behar dute izena, honako telefono zenbakian: 943 003 198.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!