Oñatiko udala

Intzidentzia ugari izan dira Errekalden, ostiraletik larunbateko gauean

2024/05/27
Card image cap
Sudurra apurtu zuen pertsona bat Arrasatera eraman zuten, lau ibilgailutan kalteak salatu dira eta beste horrenbeste kartera topatu dira

  Errekalde inguruan intzidentzia ugari gertatu ziren ostiraletik larunbaterako gauean, udaltzaingoak eta Ertzaintzak jakitera eman duenez, larriena, sudurra apurtu zuen  pertsona. Ertzaintzak jaso zuen Errekalden pertsona bat jausi eta min hartu zuenaren abisua, zapatu goizean. Bertaratuta, burutik eta sudurretik odol asko galtzen ari zen gizonezko bat topatu zuten eta buruan jasotako kolpeaz gain, eskumuturra bihurrituta zuela ere ikusi zuten. Anbuantziari deituta, sudurra apurtuta zuela egiaztatu zuten eta Arrasateko ospitalera eraman zuten.

  Errekalden bertan, hainbat autotan kalteak eragin zituen norbaitek, ostiraletik larunbat gauean; fokuak eta atzerako ispiluak, retrobisoreak, apurtuta agertu ziren lau ibilgailu, zapatu goizean. Hori da udaltzaingoan salatu dena. Eta salaketarik ez baina Errekalden botata aurkitutako lau kartera ere udaltzaingora eraman ziren zapatu goizean zehar. Dirurik ez baina dokumentazioa zuten karterek eta jabeei jakinarazi zitzaien. Salaketarik ez du inork jarri, beraz, ez dakigu, besterik gabe galdu zituzten edo norbaitek lapurtu eta dirua hartuta bota ote zituen.

  Larunbateko intzidentziekin amaitzeko,bestalde, kale Zaharrean estropuz eginda  pertsona bat ere jausi zen, eta anbulantziaz Arrasatera eraman behar izan zuten. Istripua zapatu eguerdi aldera gertatu zen; kale Zaharretik zihoan turista frantziar batek estropuz egin eta jausita, buruan kolpe handi bat hartu zuen. Udaltzainak bertaratu eta anbulantzia bati deitu zioten, Arrasatera eraman zutelarik.

  Azkenik, Zegama-Aizkorri mendi maratoia dela eta antolatu zen aparkaleku eta garraio zerbitzu bereziak ondo funtzionatu duela adierazi digu udaltzainburuak. Arantzazuko aparkalekuak goizean goiz bete ziren igande goizean, eta errepidea 7:45 inguruan itxi zen. Ondorioz, bertaratzeko asmoz domekan hurbildu ziren gehienek doako autobusa erabili zuten. Ez zen aparteko arazorik izan garraioarekin, sei ibilgailuak, beteta, etengabe gora eta behera ibili ziren goizeko lehen ordutan. Baina Eroskiko parking-ean dendara produktuak zekartzan trailer handi batek biltegiraino sartzeko arazoak izan zituen, eta traba egiten zuten bost auto mugitu beharra izan zen. Bestelakoan, aparkaleku eta garraio publiko protokoloa ondo joan zen.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!