Oñatiko udala

Interes publiko goreneko proiektuen erregulazioak tirabirak sortu zituen azken Osoko Bilkuran

2021/11/30
Card image cap
Oñatiko EH Bilduk gaiaren inguruko prentsa-oharra zabaldu du

  Mozio moduan eraman zuen udal gobernu taldeak gaia osteguneko Osoko Bilkurara eta gehiengoz onartu zen. Baina EAJk kontrako argumentazioa eta bozka eman zuen.

  Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuaren baitan Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura sortu da. Honek Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen dio ingurumen hobekuntza izan daitezkeen azpiegiturak interes publiko goreneko izendatzeko. Eusko Jaurlaritzaren izendapen hori tokian tokiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorren gainetik legokeela dio EH Bildu udal taldeak, udalen autonomia eta tokiko demokrazia nabarmen urratzen dituela gehituz. Alkateak irakurri zuen mozio idatziak hiru puntu biltzen ditu: lurralde antolamenduari buruzko legeak interes publiko goreneko proiektuen figura jasotzearen aurkakotasuna, udal interesa defenda dezan eskaera EUDELi egitea eta mozioaren edukia Eusko Jaurlaritzari eta EUDELi jakinaraztea.

  Osoko Bilkuran izan zen eztabaidan aipatu interes publiko goreneko proiektuen figura ingurumen arloko erronka handiak gauzatu ahal izateko sortu dela esan zuen Ainhoa Galdosek eta tokian tokiko HAPO edo hauen inguruan herritarren partaidetza mugatzen duenik ukatu zuen bozeramale jeltzaleak. Gaia Legebiltzarrraren gehiengoaren zilegitasunaz bideratzen ari zela ere erantsi zuen. Mozioak aurrera egin zuen EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz.

  Oñatiko EH Bilduk ere gaiaren inguruko prentsa-oharra zabaldu du lurralde antolamenduaren lege aldaketa Eusko Jaurlaritzaren aldetik udal autonomiaren aurkako aurrekaririk gabeko erasoa dela eta hori irmoki salatzen dutela adieraziz.

  EH Bildu interes publiko goreneko proiektuaren figura sortzearen kontra azaldu da bai udal eta herri mailan eta baita Legebiltzarrean ere, gaia atzo eztabaidatu eta onartu baitzen Gasteizen, EAJ eta PSEren aldeko botuz. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-ek eta PPk kontra bozkatu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!