Interbentzio ordu gehiago “Nerabeak astintzen” egitasmorako
Nerabeak astintzen programa 2019an jarri zen martxan baina azken urteetan bilakaera esanguratsua izan du. 2023-2024 ikasturtean interbentzio ordu gehiago egingo dira ikastetxeetan, eta ordubeteko 28 saio eskainiko dira; erdiak emozioak lantzera bideratuko dira, 7 saio jarduera fisikora eta beste 7 saio elikadura gaiak jorratzera. Helburua, gazteen kezka eta premiei erantzun eta beraien osasuna eta ongizatea zaindu eta sustatzea da.
Programak herriko ikastetxeen erabateko babesa dauka eta horri esker, ikasgeletara sartzen da POZ Jarduera Fisikorako Orientazio-zerbitzua, ekimena aurrera eramateko. Hiru profesionalek osatzen dute hezitzaileen taldea; langile espezializatuak dira eta osasunaren alderdi espezifikoak lantzen dituzte. Jone Galdosek emozioak lantzen ditu, Amaia Diaz de Monasteriogurenek elikaduran jartzen du fokua, eta Pello Uriartek ariketa fisiko osasungarria egiteko saioak zuzentzen ditu.
Anbizio handiko programa da Nerabeak astintzen. Ikasleen behar fisiko eta emozionalei erantzun nahi die, ezagutzak eman eta eguneroko bizitzan erabaki osasungarriak eta ondo oinarritutakoak hartzen laguntzeko. Programak eskaintzen duen ikuspegi integrala lagungarria gerta dakieke nerabezaroko erronkei konfiantzaz eta erresilientziaz aurre egin ahal izateko. Garrantzitsua da gazteei entzun eta dituzten interesak ulertu eta programan txertatzea. Hori da proiektuaren ardatza. Baita elikaduraren, atsedenaren, ariketa fisikoaren eta emozioen inguruko orientazioa ematea ere, betiere osasuna ikuspegi nagusitzat hartuta.
2023-2024 ikasturtean zehar interbentzioek gazteengan duten eragina hirutan baloratu eta neurtuko dira: esku-hartzea egin baino lehen, esku-hartzea egin bitartean eta eskua-hartzea amaitutakoan, baliozkotasuna egiaztatu eta, behar izanez gero, aldaketak egiteko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!