Oñatiko udala

Inork ez du eskatu oraindik Araozko ostatua ezagutzeko bisita egitea

2024/01/29
Card image cap
Ostatuaren ustiaketa hartzeko interesa dutenei zuzendutako bisitak egingo dira asteazkenean eta ostegunean

  Martxoaren 31n edo otsailaren 1ean Araoztzeko ostatuko instalazioak ikusi nahi dituztenek aurrez hitzordua eskatu behar dute udaletxera telefonoz deitu (943 780 411) eta Aitor Gerenabarrena teknikoarekin berba eginda. Bisitak goizeko 9:00etatik 12:00etara egin ahal izango dira.

  Araozko ostatuak taberna, jatetxea eta lau apartamentu turistiko ditu eta horien ustiaketaz arduratuko den enpresa edo lan taldea kontratatzeko prozesu berria abian du Udalak, egungo kudeatzaileak kontratua eteteko eskaera egin ondoren. Ostatuaren ustiaketa hartuko duen enpresak gutxienez bi laguneko lan-taldea aurkeztu beharko duela zehaztu du Udalak eta bezeroekin harreman zuzena izango duten pertsonek euskaraz ulertu eta berba egiteko trebetasuna izan beharko dutela ere bai. Lau urterako ustiapen kontratua egitea da asmoa, beste bost urtez luzatu daitekeelarik. Hileko gutxieneko kanona 1.500 eurotan (+BEZ) finkatu da eta prezio hori gorantz hobetu ahal izango dute lizitatzaileek.

  Esleipen irizpideetan beste hainbat puntu hartuko dira kontutan eta ez dirudi eskaintza ekonomikoak erabakigarriak izango direnik, 100 puntuko gehienezko balorazioan 31 emango baitute. Ostalaritzaren sektorean izandako esperientzia, tabernan, jatetxean eta apartamentuetan emango diren zerbitzuen deskribapen zehatza, negozio eredua eta diru-sarrerak lortzeko modua, marketing-plana, garbiketa eta mantentze programa, auzotarrekin, ostalaritzako beste enpresekin edo inguruko turismo erakundeekin gauzatuko liratekeen itun eta harreman sarea eta jarduketa planaren kronograma ere baloratuko da. Baldintza guztiak, lizitaziorako irizpideak eta baremoak barne, udaleko web atarian, Kontratatzailearen profila atalean daude ikusgai. Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 29an amaituko da.

  Ostatua bertatik bertara ezagutzeko interesa duten balizko kudeatzaileek hitzordua hartu dute etzi edo etzidamu, asteazken edo ostegunean, bisita egiteko. Oraingoz, inork ez du hitzordurik eskatu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!