Oñatiko udala

Iñigo Guridi “Kalibre” omenduko du Gurutze Gorriak

2024/06/11
Card image cap
(Arg: Debagoieneko Gurutze Gorria)
Zilarrezko domina emango zaio familiari, Debagoieneko Gurutze Gorriaren 40. urteurreneko ospakizun-ekitaldian

  Gurutze Gorriak 40 urteko jarduera betetzen du Debagoienean, eta, urteurreneko ospakizunean, aitorpen berezia egingo dio urteetan boluntario eta eskualdeko jardunean oso esanguratsua izan zen Iñigo Guridi Kalibreri.

  Iñigo Guridik 1983an izan zuen lehen harremana Gurutze Gorriarekin, Lehen Sorospenetako ikastaro batean. Eskualdeko herrietarako larrialdietako osasun-sorospen eta garraioko base iraunkor bat ezartzea proposatu zuen talde aitzindariko kide izan zen Guridi eta Elorregiko egoitza sortu ondoren ere hamarkadetan jarraitu zuen elkarteko boluntario gisa. Kalibre funtsezko figura izan zen Larrialdiei Berehala Erantzuteko Taldea sendotu eta, egun, Lurreko Bilaketa eta Salbamenduan jarraitu dezan; Gurutze Gorriaren beste jarduera batzuk ere sustatu zituen, hala nola, elikagaien banaketa eta premiarik handieneko laguntzak, garraio egokituko zerbitzua edo boluntarioen prestakuntza. Guridi 2019an hil zen, baina Gurutze Gorriak boluntario gisa egindako lan eskerga orain aitortuko dio, Elorregiko egoitzaren 40. urteurrenean.

  Gurutze Gorriaren Zilarrezko Domina emango zaio Iñigo Guridiren familiari, ekainaren 29an, 11:00etan, Santa Ana antzokian egingo den Gurutze Gorriaren 40 urteko ospakizun-ekitaldian. Ekitaldi oroigarri hau Oñatin ospatuko dugu, Iñigo Guridiren jaioterria delako esan du Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak. Eskualdeko udal ordezkariekin batera, Gipuzkoako eta Euskadiko Gurutze Gorriko presidente Jose Luis Peñak eta Estibaliz Arnaizek parte hartuko dute ekitaldian eta Nahia Guridik, Iñigoren alabak, aitaren abesti kuttunenak joko ditu, taldean.

  Ekitaldia irekia izango da eta joateko interesa duenak izena eman behar du, posta elektronikoz (altodeba@cruzroja.es) edo telefonoz (943 765 576), Debagoieneko Gurutze Gorrian. Ekitaldian ez dira faltako efemeridea oroitzeko hainbat opari eta, amaieran, bertaratzen diren guztientzat luntxa izango da.

  40 urteko jardueraren ondoren, Gurutze Gorriak Debagoienean jarraitzen du, eskualdeko bazkideen sostenguari, boluntarioen lanari eta enpresa ongile ezberdinen ekarpenari esker. Erakundea etengabeko eboluzioan dago, komunitatearen behar sozialei erantzun ahal izateko. Duela 40 urte, Gurutze Gorriak istripuetan sorospena emateko ardura hartu zuela baina, egun, jarduera hori oso profesionalizatuta dagoela, eta lana, bereziki, Debagoienean bizi diren biztanle ahulenei edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenei arreta ematera bideratzen ari direla azpimarratu du Javier Igartuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!