Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak Munazategin errotonda eratzeari buruzko ingurumen txostena ebatzi du
GI-2630 errepidean, Munazategi industria sektorerako eta Garibai auzorako sarbidea antolatzeko biribilgunea eraikitzeko Udalak onartu zuen arau subsidiarioen aldaketa puntualaren gaineko ingurumen txosten estrategikoa osatu du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak. Planaren helburuak, jarduketak eta ezaugarriak aztertuta, ingurumen arrisku adierazgarririk ez dagoela ondorioztatzen da txostenean. Hala ere, lanak egiteko orduan ingurumena zaintzeko hartu beharreko neurriak zehazten ditu.
Munazategi II-12 hirigintza eremuan egin asmo den biribilguneak ukituko dituen lur eta ingurumen ondarearen azterketa egiten du txostenak. Duruaran errekaren ibilgua kaltetuko duela zehazten da, bi zatitan lurpean, biribilgunearen pean geratuko dela adieraziz. Dena den, horietako bat egun jada GI 2630 errepidearen pean dagoela azpimarratzen da. Biribilgunearen barneak geratuko den erreka zatiak berriz, obren kalterik ez duela izango eta egun bezala geratuko dela zehazten du txostenak.
Aztergai den eremuan ez ei dago bereziki zaindu beharreko habitatik, espezie mehatxaturik edota kudeaketa plan edo interes berezia duen faunarik ere. Eremutik hurbil bai, kultura intereseko bi elementu daudela dio txostenak, Kastillokoa baserria eta izen bereko zubia, baina eman den informazioaren arabera, biribilgunea eraikitzeak ez du horietan eraginik izango.
Dena den, egun dauden elementu natural eta kultural guztiak gerora ere bere horretan mantendu daitezen, lanak egiten diren bitartean hartu beharreko neurriak zehazten ditu txostenak. Neurri orokorrak dira: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea bilduko dituen gidaliburua osatu eta jarraitzea, edota landaredia babesteko neurriak hartzea, besteak beste.
Udalak eta Ulma taldeak maiatzean izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, Munazategi inguruko biribilgunea Duruaran errekaren gainean egokituko da, 42 metroko kanpo diametroa eta 6 metro zabaleko errai bakarra izango du alde bakoitzetik metro beteko bazterbidearekin. Biribilguneak Oñati eta Zubillaga arteko trafiko arazoa arinduko du hein handi batean, Garibaiko auzotarrek GI-2630 errepiderako sarbide seguruagoa izango baitute eta ibilgailuen gehiegizko abiadura motelaraziko duen elementua izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!