Oñatiko udala

Informazio mahaiak jarriz ospatuko da bihar gurean Odol Emaileen Nazioarteko Eguna

2024/06/13
Card image cap
Ekaineko odol ateraldiak ere bihar izango dira

  Odol Emailearen Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar, ekainak 14. Egunak helburu bikoitza du: mundu osoko odol emaileak omendu eta, odola ematearen garrantzia gizarteratuz, odol emaile berriak topatzea. Bigarren horretan jarri du azpimarra Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak eta sentsibilizazio ekintzak egingo dira, bihar. Oñatin, informazio mahaiak jarriko dira Foruen enparantzan, 17:00etatik 20:00etara.

  Odola ezin da makina bidez sortu. Ebakuntza, transfusio eta bestelakoetarako behar den odola eta honen osagaiak, emaileen eskuzabaltasunari esker lortu daitezke bakarrik. Beharrak asko dira baina odola, plasma eta bestelako osagaien iraungitze data mugatua, laburra da. Horregatik da hain garrantzitsua urtean bi-hiru aldiz odola emango duen emaile talde fidela izatea, odol bankuetan gutxienekoak beteta mantentzeko, eta edozein larrialdi egoeratan ere, odol talde jakin bat duten herritarrak lehenbailehen lokalizatzeko. Baina odol ematearen garrantziaz gizartea jabetu behar da eta horretan ahaleginduko dira Oñatiko odol emaileen taldeko hainbat kide bihar, informazio mahaiak plazara aterata.

  Odol emaile berriak behar eta lortu nahi dira. Odola ematea bizitza asko salbatzea ahalbidetzen duen ekintza erraza, segurua eta altruista dela jasotzen da herritarrei banatuko zaizkien esku-orrietan. Odol emaile izateko oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: 18 urte beteta izan, 50 Kg baino gehiago pisatu eta osasun ona izatea. Horretarako medikuaren kontrola pasatzen da beti odola eman aurretik. Bide batez, urte akabera bitartean Oñatin programatuta dauden bost odol-emate egunak ere jaso dira informazio-orrian. Eta uztailetik aurrera hitzordua hartzeko bide berria zehazten da. Izan ere, odola ateraldiaren egunean bertan, telefonoz deituta txanda hartzeko aukera mantenduko da, orain arte, baina gotatanta.eus web atariaren bitartez ere hartu ahal izango da txanda, ateraldi data baino hiru egun lehenagotik, Oñatiren kasuan, asteartetik aurrera. Baina aukera berri hori, datorren hilean, uztailean aktibatuko da.

  Eta kasualitatez, ekainari dagozkion odol ateraldiak ere bihar izango dira gurean. 16:30etatik aurrera eta Enpresagintza Fakultatean odola eman ahal izango da. Aurrez, hori bai, hitzordua eskatuta; 943 007 884 telefono zenbakira deituta hitzordua eskatu daiteke, bihar, 8:30etatik 13:30ak bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!