Oñatiko udala

Industria pisu handiena duen Gipuzkoako lehen herria da Oñati

2024/04/25
Card image cap
10.a da Barne Produktu Gordinaren sortzaileen artean

  Eustatek EAEko udalerrien Barne Produktu Gordinaren azterketa egin du, 2021eko datuetan oinarrituta. Gipuzkoan jarduera ekonomikoa Araban eta Bizkaian baino banatuago, deszentralizatuago dagoela azpimarratzen da txostenean eta Donostialdea pisu handiena duen eskualdea izanik ere, ia erdia bilduz, urrun dago Bilbo Handiak edo Arabako Lautadak biltzen duten %76 edo %78tik.

  Debagoienan sortzen da lurralde historikoaren BPGaren ia %10 eta erdia, Goierrin, % 10a, Urola Kostan, % 9 eta erdi pasa eta Bidasoa Behean kasik %9a. Udalerrietara erreparatuta berriz, Donostia lehena da, Gipuzkoako BPGaren gaineko % 29 eta erdia sortuz, Irun bigarrena da, % 7a pasatxorekin eta Arrasate hirugarrena, ia % 4arekin. Zerrenda horretan agertzen den Debagoienako hurrengo herria Oñati da, hamargarrena, Gipuzkoako BPGren ia % 2 eta erdia sortuz.

  Oñatiren kasua bereziki azpimarratzen da EUSTATen txostenean, sortzen duen BPGaren kasik % 68 eta erdia industria jardueratik baitator eta halako portzentaje altua duen Gipuzkoako lehen herria da. Txostenak, herriko industriaren jarduna ere aztertzen du eta sortzen duen BPG kasik laurdena, erabilera orokorreko makineriaren fabrikaziotik datorrela adierazten da. Zerbitzuek %29aren pisua dute Oñatin. Deigarria da oso hurbil dagoen Arrasaterekiko Oñatik duen aldea, Arrasaten proportzioak guztiz kontrakoak direlako: zerbitzuek % 65aren pisua dute eta industriak %28a.

  Euskal Estatistika Institutuaren ikerketa 2021eko datuetan oinarrituta dago, esan bezala. Datuen interpretazioa errazteko, udal BPGren eta udal errentaren kontzeptuak bereizten ditu EUSTAtek, eta BPGordina produkzioari eta lurraldean aberastasuna sortzeari lotuta dago, eta produkzio-establezimendu garrantzitsuak dituzten udalerrietan kontzentratzen da. Errenta, aldiz, pertsonei eta haien bizilekuari lotuta dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!