Oñatiko udala

Indusketa kanpaina berria hasi dute Jaturabe IX koban EHUko ikerlariek

2024/07/04
Card image cap
Erdi Paleolitoko mailetan sakontzen ari dira

  Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta historia lizentziatuak 2018an hasitako ikerketa bidea jarraitzen ari dira Jaturabe IX deritzon koban. Aurreko kanpainetako indusketa lanetan Erdi Paleolito garaiko geruzetara iritsi ziren, orain 40.000 urte baino lehenagoko geruzetara. Aurtengo helburua sakondu eta antzinagoko mailetara iristea da. Indusketa eremua 8 metro karraturaino zabaldu dute aurreko kanpainetan eta sakontzen hasi dira aste honetan. Harkaitzeraino iristea da helburua, baina tarte horretan zenbat lur dagoen ez dakite, ondorioz, historiaurreko zein garairaino iritsi ahal izango duten ere zalantza da.

  Aipagarria da Araotzeko bailaran eta Oñatin orain arte aurkitu diren aztarnarik zaharrenak Jaturabe IX kobatik atera direla. Erdi Paleolito garaiko aztarnak gure espeziearen aurrekoari dagozkio, hau da, homo neanderthalensis-ek utzitakoak dira. Horren haritik bi zehaztasun egin behar dira: Araotzen industu gabeko hainbat koba daudela, beraz, aztarna zaharragorik aurkitu daitekeela oraindik, eta Jaturabe IX ez zela etengabe asentamendu gisa erabili, tarteka bai, baina ez zen modu jarraian erabilitako bizilekua. Hori, bereziki, orain arte topatu den materiala zein mailatan eta maiztasunez agertu den ikusita dakite ikerlariek. Zeramika puskak eta Paleolito garaiko beste material batzuk topatu dira, baina ez jarraian dauden geruzetan.

  Araotz bailarako beste koba batzuk industea garrantzitsua litzateke bailara pasabide ote zen egiaztatzeko, jakina baita, Debagoiena Paleolito garaiko autopista zela, hau da, ohiko pasabidea zela. Ez da, beraz, hain harrigarria pentsatzea Lezetxiki eta Labeko kobak dauden bailararekiko paraleloa den Araotzekoa ere kostaldea eta barrualdea komunikatzen zituen pasabidea zela garaiko gizakiarentzat. Jaturabe IX koba bereziki oparoa gertatzen ari da industria litikoan, hau da, harrian landutako lanabes eta bestelako aztarnetan; zeramika puskak ere agertu dira.

  Aurtengo indusketa kanpaina bi astera mugatuko da; astelehenean hasi zen eta datorren ostiralera arte, uztailaren 12ra arte luzatuko da. 10-11 ikerlari ari dira bertan lanean, gehienak EHUko ikasleak dira, tartean oñatiar bat eta bi arrasatear, baina Madrildik azken hiru urtetan etorritako beste ikasle talde bat ere badago. Urteetan errepikatzen den lan taldea da, indusketari eta ikerketari sendotasuna emanez.

  Jaturabe IX koban egiten ari diren lanok EHUk eta Oñatiko Udalak duten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira eta Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!