Indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arreta psikologikorako zerbitzua gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
7 puntuko gai-zerrenda osatu da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako, hiru Ongizate Zerbitzuak batzordeari dagozkio eta beste bi herrian egin asmo diren lanei.
Orain hilabete Oñatiko indarkeria matxistaren arretarako instituzio arteko koordinazio protokoloaren mahaia elkartu zen 2022ko datuen irakurketa partekatzeko eta 2023rako erronkak zehazteko. Orduan jada pertsonal baliabide falta eta konkretuki arreta psikologikoan dagoen kolapsoa salatu zuen Udalak. Iazko abendu hasieratik Foru Aldundiak ez die erantzun arreta psikologikora bideratutako kasu berriei. 21 emakume daude eskaera eginda eta erantzunaren zain bailaran, horietako sei oñatiarrak dira. Egoera larri honen aurrean Udalak berak erabaki du itxaron zerrendan dauden emakume horiei arreta psikologikoa bermatzea eta horretarako zerbitzua kontratatzeko prozedura abian jarri du.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta Gizarte Zerbitzuetako lantaldean pertsonengan oinarritutako arreta eredua ezartzeko helburuz, prestakuntza saio ezberdinak egitea ere proposatuko da arratsaldeko bileran.
Kale Zaharra 13 zenbakian Emakumion Etxia eratzeko lanen zuzendaritza kontratatzea edota Torreauzoko bidegurutzean oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanak berriro esleipenera ateratzea ere jorratuko da Tokiko Gobernu Batzarrean. Goribarko biribilgune berriaren osagarri gisa planteatu ditu Udalak Otadui zuhaiztitik Torreauzora eta Kanpiazelaitik Torreauzora oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lan hauek egitea. Obra esleitzeko lehen deialdira ez zen eskaintzarik aurkeztu eta aurrekontua eguneratuta esleipen prozesu berri bati hasiera ematea proposatuko da arratsaldeko batzarrean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!