Iñaxio Ibarrondo omenduko dute igandean, parrokiako koruetan egindako lana eskertuz
Domekako meza nagusiaren ondoren omenduko da Iñaxio Ibarrondo elizan bertan. Horazio Argarate Parrokoak oroigarri bat emango dio, parrokia-komunitatearen izenean, eta urteetan zuzendu dituen emakumezko eta gizonezko koruen ordezkariek plaka bana emango diote. Amaitzeko, bi koruek eta batzen diren herritarrek Eskaerrik asko Iñaxio, propio egokitu den kantua, abestuko dute.
Iñaxio Ibarrondok 55 urte daramatza parrokiako koruak zuzentzen. Emakumezko eta gizonezkoen taldeek ez dute elizatik kanpora emanaldi edo kontzerturik eskaintzen, baina ez dira falta hileta edota asteburu eta jaiegunetako elizkizunetan. Eta horiek prestatu eta zuzentzen aritzen da Iñaxio Ibarrondo. Emakumezkoen koruan 13 lagun eta gizonezkoenean 28 ari dira egun. Urte luzeetan egindako lana aitortu eta eskertzeko asmoz ari dira koruko eta parrokiako ordezkariak igandeko omenaldia prestatzen.
Iñaxio Ibarrondok 81 urte ditu egun eta txiki-txikitatik parte hartu du herriko musika taldeetan, izan musika banda edo parrokiako koruetan. Banda orain bi urte utzi zuen, taldearen omenaldia jasoaz, eta parrokiako koruek ere aitortza egingo diote igandean. Ez dirudi ordea, taldeak zuzentzeko lana alde batera utziko duenik, oraingoz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!