Oñatiko udala

Inauteri egitaraua gertu dago

2025/02/17
Card image cap
Kantabriako Silioko maskaradari buruzko hitzaldia eta karaokea dira berritasun nagusiak

  Herriko hiru ikastetxeetako neska-mutilek osatutako konpartsa gazteak irekiko du ostegunean inauterietako ospakizun egitaraua, aurten ere. Hiruzpalau dantza eta kantu prestatzen ari dira eta kalerik kale eskainiko dituzte otsailaren 27an, arratsaldez. Ospakizuna 15:00etan hasiko da Olaitturrin eta erdiguneko kaleak zeharkatuta plazan amaituko da, 16:15etan. Larunbatean konpartsa nagusia kaleratuko da eta goiz eta arratsalde arituko dira kaleak alaitzen. 11:00etan Eltziatik abiatuko dira eta goizeko jarduna 13:30etan plazan amaitu ondoren, elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldeko saioa berriz, 17:00etatik 20:00etara luzatuko da, azken dantzak plazan errepikatuz. Ohikoa denez, herriko historian pisu berezia izan duten hainbat lanbide eta elementu tradizional konpartsara batuz joango dira, egunean zehar. Konpartsa handia elkartuko da aurten ere eta nobedadeak izatea espero da. Aipagarria da inauterietako konpartsak Zuhaitz ferixarekin bat egingo duela plazan, goiz-eguerdi partean. Tarteko egunean, ostiralean, eta inauterietako lantaldeak antolatuta, Kantabriako Silió herriko maskarada ezagutzeko aukera izango da, solasaldi-hitzaldian. Otsailaren 28an, ostiralarekin izango da, Santa Ana antzokian, 19:00etan.

  Domekako egitarauan izango da aurtengo bigarren berrikuntza, karaokea antolatu baitute Gaztelekuan. Arratsalde-ilunkaran berriz, Oñatz taldekoek Luzaideko Bolant dantzak eskainiko dituzte Aita Madina txistulari taldea eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi joleak lagun hartuta.

  Dantza egiteko aukera izango da asteartean ere, plazan, DJ festa izango baita 18:00etatik aurrera. Ordubete lehenago, Zirika Zirkus konpainiaren eskutik Marieta Zirkus ikuskizuna izango da Zubikoa pilotalekuan. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.oñati.eus atarian eta Txokolateixan, 3 eurotan. Zirku-ikuskizunaren ondoren erraldoi eta buruhandiak kalera irtengo dira eta Parrokiako Misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan. Bildutako dirua Guinea Konakryko Oñati eskolara bideratuko da.

  Inauterietako egitaraua gertu dago eta inprentatik jaso bezain pronto banatuko da etxeetara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!