Imanol Pradales Lehendakaria buru, erakundeetako ordezkaritza zabalarekin ospatuko da Arantzazuko Amaren eguna
Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza zabalarekin ospatuko da Gipuzkoako zaindariaren eguna astelehenean Arantzazun. Imanol Pradales Lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Ahaldun Nagusia, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu Sailburu eta bozeramalea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako burua eta Foru Diputatu gehienak Arantzazura etorriko direla baieztatu da. Hainbat zinegotziz lagunduta egongo da Izaro Elorza alkatea ere, Juan Migel Dorronsoro Arantzazuko guardianoarekin batera, guztiei ongi-etorria egiten. 12:00etan hasiko den meza nagusiaren atarian izango da. Fernando Prado Donostiako gotzaina ere bertan izango da eta Arantzazuko Amaren eguneko meza nagusia ospatuko du, estreinakoz, iaz, Erroman baitzegoen.
Baina erakundeetako ordezkariekin batera, herritarrak, erromesak, nagusi izango dira Arantzazun, astelehenean. 7:00etan abiatuko da Parrokia aurrealdetik Arantzazurako erromesaldia eta bigarren hitzordua, Zapatan, 8:00etan egin da. Erromesen meza 10.00etan ospatuko da. Beste hiru meza izango dira astelehenean Santutegian, 12:00etan meza nagusia, 13:30etan gazteleraz eta 19.30etan eguneko azkena.
Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo du Udalak aurten ere; bi autobus jarriko ditu gora eta behera, zerbitzua, ordu erdiroko maiztasunez beteko dutelarik. 7:30etan abiatuko da lehen autobusa Oñatitik eta azkena, arratsaldeko 19:30etan, Arantzazutik; ohiko geltokietan geratuko dira.
Urteroko bide segurtasun protokoloa jarraituko da, nahiz eta, badirudien, ez dela halako behar berezirik izango, astelehenarekin, eta jaieguna Oñatin bakarrik delarik etorriko baita Arantzazuko Amaren Eguna. Hala ere, Santutegi aurrealdeko aparkalekua mugikortasun urria dutenentzat eta baimendutako ibilgailuentzat gordeko da eta aparkalekuak betetzen badira, itxi egingo da Arantzazurako errepidea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!