Oñatiko udala

Ilunkaran piztuko dira Gabonetako argiak

2023/12/11
Card image cap
Hasi daiteke jada erakusleiho lehiaketarako botoak ematen

  Bidaurretako arbola izan da argiz apaindu den azkena. Arbola eta kaleetan eta herri sarreretan jarri diren apaingarriak arratsaldean, ilundu orduko piztuko dira eta hala mantenduko dira urtarrilaren 6ra arte. Ohiko kale eta txokoak apaindu: kale Zaharrean, kale Barrian eta Atzeko kalean 9na elementu jarri dira, Bidaurretako zuhaitza eta Kalegoienako eta Unibertsitate etorbideko biribilguneak apaindu dira eta plazan, arkuetan eta magnolietan argiak jarri dira eta udaletxeko fatxadan urte berri on mezua ere argiztatuko da ilunkaran.

  Baina ordutegia mugatu egingo da eta apaingarriak ez dira gau osoan piztuta mantenduko. Domekatik ostegunera 22:00etan itzaliko dira eta ostiraletan eta larunbatetan, gauerdian. Kontsumo aldetik dagoen aldea baino hausnarketarako eta kontzientziaziorako neurri gisa erabaki dute udal arduradunek aurten ere Gabonetako argiteriaren pizte ordutegia mugatzea.

  Eta Gabonetako argi apaingarriak pizten diren egun berean abiatu da Oñatiko erakusleiho lehiaketa ere, Haurren eta Herritarren Sarirako botoak ematen hasi daitezke jada. Azken egunak eskaparateak atontzen eman dituzte herriko dendari askok, gaurko prest egon behar baitziren. Eta hala mantendu beharko dira abenduaren 31ra arte, gutxienez. Bitartean, parte hartzen duten 25 lokal jabeei erakusleihoan jartzeko QRdun kartelak banatu zaizkie eta botoa online emateko esteka aktibatu da udalaren web atarian. Abenduko Kontzejupetik aldizkarian ere botoa emateko QR kodeak argitaratu ziren. Izan ere, Herritarren Sarirako botoak modu telematikoan, internetez bakarrik eman ahal izango baitira, abenduaren 20ra arte. Haurren Sarirako botoak berriz, azken Kontzejupetik aldizkarian argitaratu ziren orritxoak beteta eman ahal izango dira gaurtik aurrera, abenduaren 20ra arte. Txaloka ludotekan eta Gaztelekuko Soto eta Kuboan jarriko dira bozka-txartelak uzteko hautestontziak. Haurren saria 5 eta 12 urte arteko gaztetxoen artean erabakiko da.

  Herritarren saria 500 eurokoa izango da eta Haurrena, 300 eurokoa. Adituen epaimahaiak 500, 300 eta 200 euroko beste hiru sari erabakiko ditu. Botoa emanez parte hartzen duten haurren eta herritarren artean 100 euroko erosketa bonu bana ere zozkatuko da. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 22an egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!