IkusHI! laburmetrai lehiaketarako deialdi berria egin da
Udaleko Euskara departamentuak berriro zabaldu du IkusHI! laburmetrai lehiaketarako deialdia, gazteen artean euskara eta hitanoa sustatzeko helburuarekin. Bide batez, hain erakargarriak egiten zaizkien teknologia berriak erabiliz, euskaraz sortutako ikus-entzunezkoak ekoitzi eta halakoen kontsumoa bultzatu nahi da. Iraila erdialdean egin zen lehen deialdia baina talde gutxi batzuk bakarrik animatu zirela ikusita, bertan behera utzi zen, aurrerago deialdi berri bat zabaltzeko asmoz. Oraintxe egin da.
Ikus Hi laburmetraien lehiaketa Udalak antolatu du, Oñatiko laburmetrai rallyarekin, Ingo Xonau! taldearekin elkarlanean. DBH3, 4 eta batxilergoko herriko ikasleei zuzenduta dago eta ikasketa mailaren arabera bi kategoriatan banatuko dira. Sariak ere, bina izango dira kategoria bakoitzean: 400 euroko erosketa bonua irabazleentzat eta 200 euroko bonoa, bigarren sailkatzen diren taldeentzat. Izan ere, gutxienez 5 laguneko taldetan parte hartu behar da. Lana sortzeko gaia librea izango da, taldearen aukerakoa, baina iraupena mugatu da eta minutu bat eta sei minutu arteko laburmetraia sortu beharko da; euskara hutsean grabatuko dira eta noka, edo noka eta toka erregistroak erabiliz. Konnotazio sexitak, xenofoboak, arrazistak, homofoboak edo iraingarriak dituzten bideoak baztertu egingo dira.
Bideo laburrak nola egin ikasteko formazio tailerra egingo da, abenduaren 15ean, eta alde teknikoa zein artistikoa landuko dute herriko aditu eta profesionalek lagunduta. Bideoak Gaztelekuan aurkeztu beharko dira, urtarrilaren 15era arte. 26an sari banaketa ekitaldia egingo da eta aurkeztu diren lan guztien proiekzioa egingo da.
Epaimahaian, talde teknikoko kideekin batera, euskara teknikaria, Ingo Xonau taldeko ordezkari bat izango da. Lanak baloratzerakoan lau irizpide nagusi hartuko dira kontutan: Oñatiko hitanoaren erabileraren zuzentasuna eta egokitasuna, edukiaren originaltasuna eta bideoaren kalitatea bai alde artistikotik zein teknikotik.
Zabalik dago IkusHI! laburmetraia lehiaketara aurkezteko epe berriz, abenduaren 5a arte. Izena Gaztelekuan eman behar da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!