Oñatiko udala

Iker Plazaola oñatiarrak Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoan parte hartuko du aurten

2024/02/05
Card image cap
Lauzpabost Stand Up umoregile kolektiboko kide da

  Katapulta Tour Gipuzkoa musika eta arte eszenikoen talentu gazteentzako zirkuituaren aurtengo edizioa aurkeztu da eta, besteak beste, Iker Plazaola oñatiarraren partaidetza duen Lauzpabost Stand Up taldea hautatu dute. Katapulta Tour Gipuzkoa programa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak eta Buenawista elkarteak sustatzen duten ekimena da. Hiru helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen arloan bertako talentua sustatzen laguntzea; kultur programazio egonkorra duten espazioen garrantzia nabarmentzea eta kultur-eszena dinamizatzea.

  149 proposamen aurkeztu ziren 2024ko ediziorako eta 10 artista edo talde aukeratu dira, 8 musika proiektu eta bi arte eszeniko proposamen. Iker Plazaola oñatiarra azken horietako batean ari da, beste lau umoregilerekin batera. Bakarrizketa formatuko proiektua da Lauzpabost stand up eta umore estilo eta gai ezberdinei buruzko emanaldia osatzen dute, euskaraz. Plazaola herritarrarekin batera, Mikel Irasusta eta Maialen Sorzabalbere donostiarrek, Maria Blanco zestoarrak eta Julen Portillo zarauztarrak osatzen dute taldea.

  Aurtengo programak hautatutako artistei beraien lana ezagutarazteko aukera eskainiko die ekimenak eta laguntza osagarria ere emango die: Gipuzkoan hiru emanaldi egiteko aukera, 400 euroko konpentsazio ekonomikoa emanaldi bakoitzeko, eta proiektuaren sustapen bideo baten grabazioa.

  Iker Plazaola baino lehen herriko beste bi proiektuk parte hartu dute Katapulta Tour Gipuzkoan: Ramada Inn taldea, iaz, eta Juan Valls 2018an.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!