Oñatiko udala

Ikasturte berriaren hasiera prest du Goienagusik

2024/09/11
Card image cap
Goienagusiko talde bat Arantzazura egindako bisitan, urtarrilean
Oñatin, hiru hitzaldi antolatu dira urrirako eta Arrasaten eta Bergaran antolatu direnekin bateragarriak dira

  Hori baita Goienagusiren asmoa, eskualde mailako izaera mantendu eta antolatzen dien ekitaldiak herri ezberdinetan kokatu arren, egutegian bateragarri egin, nahi duten bazkideek batera zein bestera joateko aukera izan dezaten. Hori, bereziki, programatzen diren hitzaldiekin egiten da eta Arrasaten astelehenetan izaten dira, Oñatin eta Bergaran asteazkenetan baina tartekatuta. Ikastaroak, irteerak eta bestelako ekintza puntualak ere progamatzen dira urtean zehar.

  2024-2025 ikasturte berria Bizkaiko kostaldera irteera eginez ekingo dio Goienagusik. Plentziatik Armintzara ibilaldia antolatu da irailaren 26an. Urrian berriz, hitzaldiak hasiko dira, eta lehena Bergaran izango da, 7an; June Fernandezek haurdunaldi subrogatuen analisi feminista egingo du. Oñatin hiru hitzaldi antolatu dira urrirako: 11n, Laura Oleagak irudi medikuek erakusten dutenaz berba egingo du, 16an, Izaskun Arriaranek Aita Mari ontziaz eta elkartasun lanaz argibideak emango ditu eta 30ean, Jabier Aspuru Gipuzkoako kartografiaren bilakaeraz arituko da Debagoiena erdigunean jarrita. Arrasaten ere hainbat hitzaldi iragarri dira urria eta azarorako.

  Goienagusi 55 urtetik gorako Debagoiendarrei zuzendutako aisialdi-formazio programa berezia da. Gai ezberdinen inguruko hitzaldiak antolatzen dira goi mailako hizlariak gonbidatuta. Horretarako, inguruko unibertsitateekin harremanak dituzte, besteak beste. Urtean 80 euroko bazkidetza ordainduta, Goienagusiren ekintza guztietan parte hartu liteke. Oñatiko Esperientzien Gela testuinguru horretan kokatu behar da. Goienagusik Udalarekin duen lankidetza hitzarmenaren arabera Santa Ana aretoan izaten diren hitzaldien ardura bere gain hartzen du eta horiek interesa duten oñatiar guztientzat irekita daude, izan bazkide edo ez. Baina Arrasate edo Bergarakoetara joateko Goienagusiko bazkide izan behar da.

  Goienagusik eta Oñatiko Udalak duten lankidetza hitzarmena iazko azaro hasieran berritu zen, eta 2023-2024 ikasturterako 2.410 euroko dirulaguntza onartu zen. Kurtso amaieran gastuen balantzea eta egindako lanaren memoria txostena aurkeztu zuen Goienagusiko zuzendaritzak eta agindutako dirulaguntza ordaintze onartu zen. Aurreko ikasturtean 51 hitzaldi, 9 mendi-irteera, 8 bisita, 5 ikastaro, 3 bidaia kultural eta 3 ikuskizunetarako irteera egin ziren. Oñatin, 12 hitzaldi eta mendi irteera bat egin ziren. Goienagusik zituen 250 bazkideetatik 27 berriz, %11, oñatiarrak ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!