Oñatiko udala

Ikastetxe publikoetako sukalde eta garbitasuneko langileak grebara deituta daude lanpostuen egonkortasuna eta ordezkapenak eskatzeko

2022/03/29
Card image cap
Urgain-Errekaldeko sukaldean gutxieneko zerbitzuak beteko dira

  ELA sindikatuak hiru greba-egun deitu ditu, gaur, bihar eta etzi, euskal hezkuntza publikoko sukaldeen eta garbiketaren sektorean, behin-behineko langileak finkatzea eta beharrezko langileak ordezkatzea eskatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren itxikeria salatu du sindikatuak, sektoreko 700 langileen eskaerei entzungor egiten eta bizkarra ematen jarraitzen duelako. Egun egiten ez diren ordezkapenak betetzeko eta hezkuntzako sukaldeko eta garbiketako langileen egonkortzea bermatuko duen prozesua abiaraztea eskatzen dute.

  Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketa-zerbitzuen % 90 pribatizatuta daudela eta publiko diren zerbitzuetan behin-behinekotasuna % 70etik gorakoa dela salatu du ELA sindikatuak.

  Oñatira etorrita, Urgain-Errekalde eskolako sukaldean gutxieneko zerbitzuak beteko dira hiru greba egun hauetan. Horrek esanahi du jangelan geratu ohi diren neska-mutikoen %60ak jasoko duela eguneroko zerbitzua. Hala jakinarazi zaie gurasoei. Garbitasunean diharduten langileen berri zehatzik ez zuten goizean eskolako zuzendaritzan. Hauek ikastetxeko jarduera amaitu ondoren hasten direnez lanean, greba deialdiaren jarraipena eta ondorioak bihar, etzi eta ostiralean antzemango baitira. Baina kasu horretan ere, gutxieneko zerbitzuak aginduta daude.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!