Ikastetxe eta guraso elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak martxoaren 13ra bitartean eskatu daitezke

Arlo akademikotik kanpo ikastetxeek aurkeztutako proiektu hezitzaileak eta guraso elkarteen jardun hezitzailea sustatzera zuzendutako dirulaguntzak dira udalak urtero eman ohi dituenak. Ikastetxeei zuzendutako laguntzak hainbat irizpideren arabera banatzen dira: ikasle kopurua, eskola kirolean duten partaidetza edota hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak, besteak beste. Guraso elkarteen kasuan berriz, gauzatuko den ekintza programa baloratzen da.
Deialdi-iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eskaerak, telematikoki, udaleko erregistro elektronikoan, edo HAZ zerbitzuan aurkeztu daitezke, hilabeteko epean, hau da, martxoaren 13ra arte. Jasotako eskaera guztiak aztertuta dirulaguntzen ebazpena egingo da eta onartutakoaren % 60a ordainduko da. Gainontzekoa, egindako ekintzen zuriketa aurkeztu ondoren ordainduko da, udazkenean. Ikastetxeek eta guraso elkarteek irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute burututako ekintzen likidazioa. Dirulaguntza orain eskatu arren, 2024-2025 ikasturtean egin diren edo egingo diren ekintzei dagokio.
Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei eskaintzen zaizkien dirulaguntzak aspalditik ematen ditu Udalak. Norgehiagoka prozedura bidez emateko ordenantza 2002an onartu zen eta 2017an, dirulaguntzen oinarriak egokitu eta berritu ziren. Iaz ere, doikuntza txiki batzuk txertatu ziren. Ikastetxe eta guraso elkarteek ikasturterako dituzten egitasmoak aurkezten dituzte eta horren araberako dirulaguntza jasotzen dute, beti ere, diru-muga baten barruan. Herriko ikastetxeek eta bertako guraso elkarteek eskola jardueraz kanpo gauzatuko dituzten ekimenetarako 87.000 euroko diru partida dauka aurten Udalak.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!