Ikasleen zientzia, teknologia eta ekintzailetza bokazioak lehiaketetan parte hartuz sustatzen ari dira herriko ikastetxeetan
Elkar Hezi ikastetxeak urteak daramatza STARTinnova egitasmoan parte hartzen. Gazteen artean ekintzailetza sustatzea da lehiaketa honen helburu nagusia, eta horretarako, hainbat proba proposatzen zaizkie lehiakideei, ikasturtean zehar. Elkar Hezi ikastetxeko bigarren batxilergoko sei taldek parte hartu dute aurtengo lehiaketan eta horietako bat, EH3, bihar jokatuko den finalerako sailkatu da.
Hortzetako zipiluak gordetzeko Domokup pote berezia diseinatu dute eta horixe aurkeztu eta defendatuko dute bihar EHUko Donostiako campusean izango den finalean. Jon Galdosek, Maria Guridik, Olaia Anduagak eta Pablo Arenazak osatzen dute EH3 taldea eta Beatriz Kortabarria irakasleak tutore lanak bete ditu.
Larunbatean berriz, First Lego League txapelketa jokatuko da, besteak beste, Arrasaten. Gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea da helburua, lantaldea, inklusioa, sormena, konpromisoa eta berrikuntza baloreak sustatuz. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen du eta aldi bereko finala lau lekutan jokatuko da larunbatean: Arrasaten, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 57 ikastetxek, 171 taldek eta ia 3.000 ikaslek parte hartzen dute aurtengo First Lego League lehiaketan. Partaideen adinaren arabera bi maila bereizten dira: First Lego League, 10-16 urte arteko gazteei zuzenduta eta junior kategoria 6-9 urte bitartekoentzat. Oñatiko institutuko DBH4ko bi taldek parte hartuko dute Arrasateko finalean.
Partaideek hiru proiektu aurkeztu eta defendatu beharko dituzte, aditu epai-mahai baten aurrean. Balioen inguruko erakustaldia egin beharko dute; zientzia arloko proiektua da bigarrena, aurten Masterpiece da gaia, eta teknologikoa hirugarrena, LEGO robot bat diseinatu eta programatuz. Ikusgarriena izan litekeen ariketa honetan, propio muntatzen den robotak, hainbat proba gainditu beharko ditu, denbora mugatuan. Lehiaketaren helburua gazteengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea da, etorkizunera begira, beraien bokazioa aurkitzeko lagungarri izango delakoan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!