Ikasleen artean diziplinarteko ekintzailetza sustatzeko programa berria abiatu du Mondragon Unibertsitateak
Changemaker Lab izeneko programa jarri du martxan MUk, unibertsitateko zenbait fakultatetako ikasleen artean ekintzailetza sustatzeko helburuz eta diziplinarteko taldeen bidez. Programak lau hileko iraupena izango du. Aurkezpena Oñatin egin da gaur eta ekainean amaituko da, Madrilen. 20 ikaslek hartuko dute parte programan. Change maker-ak izango dira, aldaketaren bultzatzaileak, alegia. Talde ekintzaileen garapena eta bilakaera bultzatzea izango dute helburu, eta, horren ondorioz, enpresen sorrera sustatzea.
Ekimena Mondragon Team Academy-ren metodologian oinarritu da eta lau ardatz dituen prestakuntza-prozesu berritzailea proposatzen du. Change maker edo ikasleak daude, mentore edo entrenatzaileak eta diziplinarteko esparruak eta benetako erronkak.
Mondragon Unibertsitateak urteak daramatza ekintzailetzaren esparruan lan egin eta eragiten. Testuinguru horretan ulertu behar da gaur Oñatin aurkeztu den Changemaker Lab izeneko programa. Ekimenak bi ezaugarri nagusi ditu: diziplinartekotasuna eta kokapen-aniztasuna. Parte-hartzaileak zenbait jakintza-arlotakoak dira eta Mondragon Unibertsitateko fakultate ezberdinetan ikasten dute.
Programak sei modulu ditu eta tailer trinko formatua izango dute, egun bat, egun eta erdiz luzatuko direlarik. Saio horietan gaian adituak direnen laguntzaz, ikasleek, proiektuan erabili ahal izango duten teoria eta jarduerak landuko dituzte. Parte-hartzaileek benetako proiektuak landuko dituzte. Gaurko aurkezpenean, parte-hartzaileen, taldeen eta lan-dinamiken berri eman da. Hurrengo moduluak, Bilbon, Arrasaten eta Mondragon Unibertsitatearen beste egoitza batzuetan egingo dira. Amaitu berriz, taldeen ebaluazioa eginez, Madrilen amaituko da ekainean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!