Herritarrekin bilerak egingo dira Oñatin garraio publiko zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesuan.
Kolektibo ezberdinekin hitzorduak zehazten diren bitartean interesa duten herritar guztientzat bilera irekia egingo da datorren asteeartean udaletxean.
Aldundiak Gipuzkoako autobus emakidak berritu aurretik herritarren iritzia jaso nahi du zerbitzua herritarren behar eta nahietara egokitu ahal izateko. Horretarako, Oñatin bezala, beste 55 herritan, herritarren iritzia jasotzeko parte hartze prozesuak martxan jartzen ari da.
Aurreko astean aurkeztu ziren Debagoienean egingo zirenak eta urriaren 10ean jada, lehen bilerak egin ziren Zuazola Larraña institutuan 16 urtetik gorako ikasleekin. Prozesuaren lehen fase honetan, bilera irekiak eta kolektibo ezberdinekin hitzartuko direnak tartekatuko dira.
Oñatin eta Debagoieneko beste 7 udalerrietan lehen bilera irekiak jada finkatu dira. Lehena, Leintz Gatzagan izango da bihar, datorren astean berriz, Aretxabaleta, Antzuola, Elgeta eta Oñatin egingo dira eta hurrengoan Bergara, Eskoriatza eta Arrasaten. Oñatin, esan bezala, garraio publikoa erabiltzen duten guztiei eta orokorrean interesa duten herritarrei zuzenduta, bilera ireki hori, asteartean, hilaren 15ean, arratsaldeko 6.30tan udaletxean egingo da.
Herritarrei begirako prozesu parte hartzaile honen lehen fasean, herritarren ekarpenak jasoko dira. Bigarren fasean, aurreproiektua idatziko da 2014ko otsailerako. Ondoren, herritarren parte hartzea oinarri izango duen bileren bigarren itzulia egingo da, herritarrei aurreproiektua aurkeztuz eta azkenik, behin betiko proiektua idatziko da autobus zerbitzu berria emateko lizitazioa horren arabera abiatuz.
Herritarren iritziak jasotzeko dagoeneko martxan diren bilera irekiekin batera, webgunea martxan jarri da eta “autobus egunak” ere egingo dira, erabiltzaileekin interakzio zuzena bilatuz. Izan ere, prozesua, egungo erabiltzaileei zuzenduta dago baina baita erabiltzaile izan daitezkeen horiei ere. Egungo zerbitzuak dituen gabeziak tarteko beste garraio bide batzuk hartu beharrean aurkitzen direnak baina ahal izango balute garraio publikoa erabiliko luketenak.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!