Oñatiko udala

III. Señora bertso sariketaren finala Oñatin jokatuko da, maiatzaren 27an

2023/04/25
Card image cap
Azkainen egin zuten III. Señora Sariketaren aurkezpena (Arg: www.bertsozale.eus)
12 “señora” arituko dira kanporaketa saioetan, tartean, Maider Arregi oñatiarra

  Bertsolari eta bertsozale feministek duela bi urte sortatutako proiektuak jarraipena izango du aurten ere. Bilbon eta Erratzun izango dira kanporaketak eta finala Oñatin jokatuko da, maiatzaren 27an. Guztira, hamabi bertsolarik hartuko dute parte, emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko genero identitateen ikusgarritasuna bilatzen duen Señora sariketan.

  Bilboko BIRAn hasiko da III. Señora Sariketa, maiatzaren 6an. Itxaso Paya, Eli Zaldua, Maddi Ane Txoperena, Ainara Ieregi, Izarne Zelaia eta Maider Arregi oñatiarra arituko dira kantuan. Bigarren kanporaketa hurrengo astean, maiatzaren 13an izango da Erratzuko Elkartean. Aroa Arrizubieta, Maddi Sarasua, Idoia Granizo, Janire Arrizabalaga, Eli Pagola eta Iruri Altzerreka arituko dira.Eta finala Oñatin, Gaztelekuan jokatuko da, maiatzaren 27an. Kanporaketa bakoitzetik sailkatutako hiru bertsolarik abestuko dute bertan. Saio guztiak, bai kanporaketak eta baita finalekoa ere, 17:00etan hasiko dira.

  Saioetara sartzeko txartela eskuratu beharko da, kanporaketetakoak 8 eurotan eta finalekoak 10 eurotan, eta dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.

  Señora hitzarekin, ahaldunduta dagoen emakume indartsuaren irudia azpimarratu nahi dute sariketaren antolatzaileek. Belaunaldien arteko aliantzak sendotzea ere bada Señora Sariketaren helburua, ahalduntze kolektiboaren bidetik, lurraldetasuna aintzat hartuz. Katekorratzaren irudiarekin señora guztiak ordezkatu nahi dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!