Oñatiko udala

Igeltserotza ofizial plaza betetzeko deialdia argitaratu du Udalak

2025/04/14
Card image cap
Izen-ematea zabalik dago maiatzaren 15era arte

  Udalak kontratatuko duen igeltsero ofizialak udal brigadan egingo du lan. Bere ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale-plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea izango da. Hala, kale eta plazetan, zarpiatze, xaflatze, zuritze edota lauzatze lanak egingo ditu, markoak jarri, paretak egin eta antzerakoak, udal eraikinak eta hiri altzariak konpondu eta egoera onean mantendu beharko ditu eta bide publikoan igeltsero lanak egin beharko ditu. Era berean, bere ardurapean dituen langileak gainbegiratu beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen jaietako eszenatoki, feria eta beste egitura batzuk muntatu eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du, besteak beste.

  Igeltsero ofizial plaza betetzeko hautaketa prozesua oposizio-lehiaketa bidez osatuko du udalak. Oinarrizko hiru baldintza bete behar dira lanpostura aurkeztu ahal izateko: igeltserotzan edo baliokidea den arloan Lanbide Heziketa bat mailako titulazioa izatea; B gida baimenaren jabe izatea eta euskarari dagokionean, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea. Baldintza horiek beteta, hautaketa prozesuan parte hartu nahi duen orok izena eman dezake jada. Hautaketa prozesura aurkezteko eskaerak elektronikoki edo aurrez aurre, HAZ bulegoan presentatu daitezke, nortasun agiriaren kopia eta eskatutako titulazioaren fotokopiarekin batera. Lehiaketa fasean baloratuko diren merituen fotokopiak ere erantsi beharko dira. Lehiaketa fase horretan lan esperientzia eta prestakuntza ikastaroak baloratuko da. Lanpostura aurkezteko epea maiatzaren 15ean amaituko da.

  Igeltsero ofizial plaza betetzeko oposizio fasean hiruzpalau froga gainditu beharko dituzte hautagaiek: gai orokor eta espezifikoei buruzko ariketa teorikoa, azterketa praktikoa, euskarazko maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, hizkuntzari dagokiona ere egin beharko dute eta azkena, gaitasun eta nortasun proba. Igeltsero ofizial plaza betetzeko deialdiaren oinarriak udaleko web atarian ikusgai daude.

  Igeltserotza ofizial plaza hau 2023ko enplegu publikoaren eskaintzan jaso zuen Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!