Igeltsero ofizial lanpostua aldi baterako betetzeko deialdia egin du Udalak, Lanbideren bitartez
Udal brigadako igeltsero ofizial lanpostua hutsik geratu da baina udalak ez du halakoak betetzeko lan poltsarik. Ondorioz, Lanbidera jo da plaza aldi baterako betetzeko. Lan eskaintza iragarkia astean argitaratu da eta uztailaren 26a arteko epea dago izena emateko. Lanbideren web ataritik bertatik egin behar da izen-ematea.
Igeltsero ofizial lanpora aurkezteko hiru baldintza jarri dira: Lanbide Heziketa titulua izatea, eraikuntza eta obra zibila arloetan; B motako gidabaimena eta euskarari dagokionean, 2 Hizkuntza Eskakizunaren maila izatea. Euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenei azterketa egingo zaie. Oinarrizko baldintzak beteta prestakuntza osagarria baloratuko zaie hautagaiei. Hau da, lan esperientzia, lanpostuaren funtzioekin zerikusia duen gaietan formakuntza osagarria izatea, C gidabaimena izatea eta 3. Hizkuntza Eskakizuna, EGA edo C1 agiria izatea.
Igeltsero ofizialaren ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale eta plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea izango da. Hala, baldosak, zintarriak, galtzadarriak edota asfaltoa aldatzeko lanak egin beharko ditu, udal eraikinak kontserbatu eta mantentzeko lanetan ere jardun beharko du eta hiri altzariak, eserlekuak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jarri beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen garbiketa lanetan edota jaietako eszenatokien muntatze eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du, besteak beste.
Udal brigadan hutsik geratu den igeltsero ofizial lanpostua lehenbailehen bete nahi da eta horregatik, izen-ematea 10 egunetara mugatu da. Hiru hautagai zeuden gaur goizean Lanbideren web atarian izena emanda, baina gehiago aurkeztea espero da, epea, uztailaren 26ra arte luzatuko baita, esan bezala. Igeltsero ofiziala aldi baterako kontratatuko du Udalak, plaza jabetzan betetzeko prozesua gauzatu eta lanpostua behin etikoz osatu bitartean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!