Igandean amaituko da Partaidetzazko aurrekontuak prozesuaren bozkatze fasea
Azaroaren 4an ireki zen Partaidetzazko aurrekontuak prozesuaren azken fasea. Igandera arte, galbahe ezberdinak pasa dituzten 21 proposamenen artean, aurrera eramatea nahiko genituzkeen seiren aldeko botoa eman ahal izango dugu. Sei direlako, ez gehiago ez gutxiago, markatu behar ditugun proposamenak gure bozka ontzat eman dadin. Bozkatze fase honen arabera zehaztuko da datozen bi urteetan, 2023an eta 2024an udalak 500.000 euro zertan inbertitu behar dituen. 16 urtetik gorako herritar orok du bozka emateko aukera. Hainbat bide daude bozketzeko: udaleko webgunearen bitartez edo fisikoki, esku-orriak erabiliz, eta hainbat udal eraikinetan jarri diren hautestontzitan sartuta. Batera edo bestera, igandea, azaroak 20, da bozka emateko azken eguna.
Duten aurrekontuaren arabera proposatzen diren 21 proiektuak hiru taldetan berezitu direla; Handiak atalean 100.000 eta 200.000 euro arteko aurrekontua duten sei proposamen jaso dira, ertainetan 25.000 eta 100.000 euro arteko kostua luketen zazpi eta txikietan, 25.000 euro baino merkeagoak liratekeen beste 8 proposamen. Ukitzen duten gaiaren arabera gehienak, irisgarritasuna, energia berriztagarriak, kultura edota kirol proposamenak dira. Plazako kioskoaren eta frontoiaren arteko zoladura berritu eta berdeguneak egokitzea, ibilgailu elektrikoentzako birkarga-puntuak jartzea, zaharkitutako zakarrontziak aldatzea, udal eraikinetan seinaleztapen inklusiboa jartzea, Ur-uhinak parkean komun publikoa jartzea, Eltzian musika grabatzeko aretoa egokitzea, hainbat gunetan eskudela edo barandak jartzea, Kanpantxoko iturri monumentala birgaitzea, Berezao auzoko parkeko mahaiak eta bankuak konpontzea edota herriko jolas parkeetan 8-14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat elementuak jartzea dira bozketa fasera iritsi diren proposamenetako batzuk.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!