Oñatiko udala

Idoia Etxeberria oñatiarrak GeuretikSortuak egitasmoan parte hartuko du

2023/03/07
Card image cap
GeuretikSortuak 2023-2024 aurkezpena
Literatur egonaldia beteko du Zaldibian eta Ataunen

  39 udalerrik eta 22 sortzailek hartuko dute parte GeuretikSortuak ekimenaren bigarren edizioan, tartean, Idoia Etxeberria Elorza oñatiarrak. Hamar idazlek, bost komikigilek, hiru antzerki konpainiak eta lau zinegilek jaso dute Udalbiltzak, beste hainbat udalekin batera, babesten duen GeuretikSortuak 2023-2024 sormen beka.

  Bigarren deialdi honetan literatura, zinegintza eta antzerkigintza ez ezik, komikigintza ere landuko da. 60 proposamen aurkeztu ziren beka deialdira eta askotarikoak eta kalitate altukoak izan zirela adierazi dute antolatzaileek. Aurreko deialdian bezala oraingo proiektua ere bi urtez luzatuko da, 2023 eta 2024. Aurten sormen egonaldiak egingo dira 22 multzotan bildutako 39 udalerritan eta emaitzak, datorren urtean zehar aurkeztu eta kaleratuko dira, propio osatuko den kultur zirkuituan.

  Idoia Etxeberria oñatiarrak hiru astera arte luzatu ahal izango den sormen egonaldia beteko du Zaldibian eta Ataunen. Helburua, ipuin luze bat idaztea izango da, gainontzeko literatur lanekin batera bilduma batean argitaratuko delarik.

  Udalbiltzak sustatzen duen GeuretikSortuak ekimena ez da berria gurean. 2021-2022 deialdian Oñatiko Udalak zuzenean parte hartu zuen iparraldeko Bonbon beltz taldea hartuz. Oñatin egin zuten sormen egonalditik Harri minak lana osatu eta muntatu zuten, estreinatu ere, Santa Ana aretoan estreinatu zutelarik. Era berean, lehenengo ekimen hartan sortu ziren beste hainbat antzezlan eta film labur ikusi ahal izan ziren Oñatin.

  GeuretikSortuak egitasmoaren helburua da euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!