Oñatiko udala

Idazkaritzako administrazio orokorreko teknikaria kontratatu nahi du Udalak

2025/02/05
Card image cap
Eskaintza Lanbideren bitartez zabaldu da eta otsailaren 10a arteko epea izango da izena emateko

  Idazkaritzako administrazio orokorreko teknikariak bere lana ez ezik, udal idazkariari dagozkionak ere betetzen ditu, behin behinean, iazko maiatzaz geroztik. Bi postuen funtzioak betetzen ditu, horrek eragiten duen lan kargarekin. Egoera ikusita beste pertsona bat kontratatzea erabaki da eta horretarako deialdia Lanbideren bitartez zabaldu da.

  Zuzenbidean, politika zientzietan, enpresagintzan edo ekonomia zientzietan graduatua, lizentziatua edo pareko titulazioa duten hautagaiak bilatzen dira, C2 edo 4. Hizkuntza eskakizunaren mailako euskara ezagutza dutenak. Oinarrizko baldintza horiek beteta, lanpostuarekin zer ikusia duten ikasketa osagarriak izatea eta lan esperientzia baloratu egingo dira.

  Idazkaritzako administrazio orokorreko teknikari lanpostu hau lehenbailehen bete asmo du Udalak eta horregatik, izena emateko epea mugatu du, datorren astelehena, otsailaren 10a izango da hartarako azken eguna. Izen-emate hori Lanbideren web ataritik egin behar da. Lanpostua aldi baterako beteko da, titularra itzuli bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!