Ibai lagun jardunaldiak burutuko dira astean, erreken garrantziaz sentsibilizatzeko
Natur Eskolak eta Udaleko Ingurumen departamentuak antolatuta Ibai-lagun XII. Jardunaldiak egingo dira astean. Gure erreka-ibaien eta gordetzen duten bioaniztasunaren garrantziaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea da helburua.
Bi ikus-entzunezko programatu dira: Urumeako zentral hidroelektrikoak oinarri hartuta, Eli Pagolak eta Ainhoa Gutierrez del Pozok osatu duten Ta argiya in zan lan artistikoa emango da, bihar arratsaldean, kultur etxean. Ostiralean berriz, Ja! Uraren krisia Chiapasen dokumentala emango da. Bi emanaldi horien ondoren solasaldiak izango dira. Asteazkenean lurpeko ura izango da hizpide eta babestu beharreko altxorra zergatik den azalduko du Inma Mugerza geologian doktore denak. Asteburuan ekintzarako gonbidapen bikoitza egin da: larunbatean, erreka garbiketa egingo da, Debagoieneko gainontzeko herrietan bezala, eta iganderako, Urumean arraunean ibiltzeko irteera antolatu da. 30 lagunek egin ahal izango dute eta parte hartzeko izena eman behar da, whatsapp mezua bidaliz, 633 509 781 zenbakira. Goizeko irteera izango da eta 7/10 euro ordaindu behar dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!