Ia 80.000 euro inbertitu ziren iaz, mendi publikoetako larreen egoera hobetzeko

Goilarre programa Udalaren eta Foru Aldundiaren elkarlanean eta ko-finantzazioan oinarritutako kudeaketa eredua da, herri onurako mendien larreetan jarduten duten ganaduzaleen bizi eta lan baldintzak hobetzeko helburuz. Egin beharreko hobekuntzen identifikazioa eta lehentasunak abeltzainen elkarteen bidez egiten da. Iazko lanak Aloñako larreetako lantaldeak urtarrilean egin zuen batzarrean zehaztu ziren eta urtean zehar burutu ziren.
Era ezberdinetako lanak egin ziren iaz: Gomiztegi edo Larramuko bideko paso kanadiarrak altxatu, garbitu eta irekitzen direla jarri ziren, Lizartzan paso kanadiarraren ondoan langa jarri zen itxitura errematatuz, Mallan, harrapalekuko lanak egin ziren, hainbat puntutan bloke mineralak jarri ziren, Aldain txaboletako lanak egin ziren eskortako parte batean, larreen xehaketa lanak egin ziren zenbait lekutan, traktorez nahiz eskuz, eta Aitzgainen ur-garraioa ere egin zen. Guztira, ia 80.000 euro inbertitu ziren; hirutik bat Udalak jarri zuen, 26.535 euro, eta gainontzekoa, 53.070 euro, Foru Aldundiak. 101 abeltzainek larreratu zuten ganadua Aloña, Aitzgain eta Artiako herri larretan, iaz: 2.741 ardi, 526 behor, 135 behi eta 20 ahuntz, udalak zabaldu dituen datuen arabera.
Aldundiaren eta Udalaren arteko ko-finantziaziorako irizpideak hiru dira: larre azalera; babestutakoaren izaera, hau da, naturgunea den ala ez; eta abeltzain kopurua. Aurreko urteetan Udalak inbertitutakoaren arabera Aldundiaren ekarpena aldatu egiten da, eta tokiko inbertsioa handitu ahala diputazioarena ere handitzen da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!