Oñatiko udala

Ia 7.300 kilo janari batu dira asteburuko elkartasun kanpainan

2024/10/22
Card image cap
Parte hartu duten boluntario, dendari eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkie Hotz Oñati taldeak

  Zaporeak elkartearen bitartez helaraziko da Greziara, Lesbos uhartera, asteburuan herrian batutako janaria, hasieran iragarri zen bezala. Ostegun, ostiral eta larunbatean bildutako janaria kaxa eta paletetan prestatu da eta atzo arratsaldean bertan bidali zen materiala Martutenera, Zaporeaken biltegira. Gobernuz Kanpoko Erakundea arduratuko da ondoren, janaria Lesbosen duen sukaldera bideratzen. Egunero 2.000 otordu kuzinatzen dituzte Lesbosen harrapatuta dauden errefuxiatuentzat.

  Guztira, 7.230 kilo arroz, pasta, lekale eta kontserba batu dira asteburuan herriko bost janari dendetan. Horiei 30 kilo zerealdun barrita batu behar zaizkie. Iaz 6.500 kilo inguru jaso zen, beraz, ia 1.000 kilo gehiago batu da aurten. Aipatu zerealdun barratxoak aparte paketatu dira eta Aita Mari ontzira bidaliko dira, itsasoan erreskatatutako errefuxiatuen arten banatu ditzaten.

  Hotz Oñati taldekoak oso pozik daude boluntario, dendari eta herritarren aldetik jaso duten babesagatik. Laguntza guztia eskertu nahi dute; eskerrak produktuak batzeko lekua eta bitartekoak eskaini dituzten herriko bost dendei: San Migel kooperatibari, Errekaldeko dendari, Errekaldeko eta Arantzazuko Ama kaleko Eroski dendei eta Olakuako BMri. Eskerrak materiala biltzen eta ondoren ordenatu eta prestatzen aritu diren boluntario guztiei eta eskerrak baita ere, produktuak eman dituzten herritar guztiei. Halako talde eta laguntza sendorik gabe Hotz Oñati taldeak aurrera egitea oso zaila izango lukeela azpimarratuz, esker-mezua zabaldu du errefuxiatuen aldeko elkartasun taldeak.

  Hotz Oñatik urteak daramatza era honetako material bilketa kanpainak egiten. Era honetako kanpainek helburu bikoitza dute: errefuxiatuentzat elikagaiak batzea eta errefuxiatuen errealitate gordina oraindik bizirik dagoela gogoraraztea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!