Oñatiko udala

Ia 3 milioi euroko laguntza jasoko da Sancti Spiritus unibertsitatea zaharberritu eta turismo bulegoa lekualdatzeko

2024/11/27
Card image cap
Foru Aldundiak eta Udalak elkarlanean landuko dute proiektua

  Bi erakundeetako ordezkariak zain zeuden aipatu dirulaguntza noiz iritsiko eta asteburuan jakinarazi da Next Generation funtsetik 2.996.285 euro iritsiko direla unibertsitatea zaharberritu, ikasketa gelak egokitu eta turismo bulegoa bertara aldatzeko.

  Asteburuan ezagutu den albistea pozgarria dela esan du Izaro Elorza alkateak, unibertsitatea zaharberritu eta turismo bulegoa bertara aldatzeko lanak hasi ahal izango direlako. Horrek, gainera, landuak dituzten beste zenbait proiektu abiarazteko aukera emango duela, esan du, bertan egokitu asmo diren ikasketa gelei erreferentzia eginez. Eta erantsi du garrantzitsua dela halako espazioak, balio historiko handikoak direnak, turismoari begirako ekintzetara ez ezik, herritarren erabilerara bideratzea.

  Dirulaguntza hauei esker egingo diren lanak askotarikoak izango dira: Sancti Spiritus unibertsitatearen fatxada eta erretaularen zaharberritze zientifikoa, irisgarritasun eta jasangarritasun energetikoa, turismo bulegorako espazioa egokitzea eta beste erabilera batzuetarako prestatzea. Izan ere, egun, IVAParen zerbitzu batzuk eta Nazioarteko Lege Soziologia Institutua kokatzen baitira unibertsitate zaharrean.

  Eraikina zaharberritzeko eta turismo bulegoa lekualdatzeko proiektua idatzita, lanak esleitu eta egin beharko dira. 2027ko udaberrian amaitzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!