Ia 29.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Zubillagako abere hiltegiari aurten
Pasa den azaroaren 26an egin zen batzar orokorrean, hiltegiko aurtengo aurrekontua eta sozietatean partaide diren herriek egin beharreko ekarpena onartu ziren. Leintz Gatzagako Udalak egindako eskaera historikoari erantzunez, gainera, sozietarearen sorreran egindako partizipazioen banaketa eeta, ondorioz, horri lotutako diru ekarpena zuzentzea erabaki zen. Partaidetza eta ekarpenak egungo errealitatera egokitzeko estatutuen aldaketa onartu zen. Oñatiri dagokionean ez da aldaketarik eta aurretik zuen % 13ko parte-hartzearekin jarraituko du.
12 dira Zubillagako hiltegia elkartean parte hartzen duten udalak, eta guztien artean, 220.000 euroko ekarpena egingo dute. Ekarpena, hiltegiak dituen maileguak, finantza errentamenduak, isurketa tasa, depurazio sistema berria eta beste batzuek sortutako gastuei aurre egiteko erabiliko da. Oñatiko udalak 28.769 euroko ekarpena egingo du aurten, Zubillagako hiltegia elkarteko kapitalaren % 13aren jabe den aldetik.
Zubillagako hiltegiko elkartea merkatal izaerako elkarte publikoa da eta inguruko 12 udalek parte hartzen dute. Debagoienako zortziak, Aramaio eta Urola Garaiko Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko udalak ere bazkide dira. Bakoitzak duen biztanle kopuruaren eta abelburu kopuruaren arabera diru ekarpena egin zuen hasieran eta berriki onartu den egokitzapena aplikatuta, batzuen parte-hartzea aldatu da. Arrasate eta Bergara dira ekarpen handiena egiten dutenak ia % 24 eta % 16a, hurrenez hurren. Oñati hirugarrena da, %13arekin, esan bezala, eta laugarrena berriz, Zumarraga ia % 11rekin. Azken eguneratzean Aretxabaleta eta Urretxuren partaidetza handitu da eta Bergara eta Leintz Gatzagarena, berriz, txikitu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!