Oñatiko udala

Ia 25.000 euro banatuko dira gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteen artean

2023/06/07
Card image cap
Trautik ere jasoko du udalaren dirulaguntza aurten (Arg: Santi Mendiola)
Jaso diren 28 eskaerak onartu eta diruz lagunduko ditu Udalak

  Udal dirulaguntzak banatzeko irizpideak aldatu eta zehaztu ziren 2021ean. Hiru atal nagusi baloratzen dira: elkarteek aurkeztutako programa eta jardueraren orientazioa; jardute eremua eta Oñatin egoitza duten edo bertako bazkideak izatea edo herritik egindako zerbitzu eskaerari erantzutea; eta entitatearen funtzioak eta aurkeztutako jardueren helburuak. Gutxieneko puntuazio bat behar da udalaren dirulaguntza jasotzeko eta eskaera egin duten 28 elkartek oso goitik gainditu dute gutxieneko hori. Dirua, gainera, lortutako puntuazioaren arabera banatu da, punturik gehien lortu duen erakundetik hasi eta aurrekontua agortu arte. Gerta liteke, elkarte batek aurkeztutako ekintzaren kostuaren %100 betetzea, eta halako hiruren kasua izan da aurten: Duintasuna elkartea, Gautena eta Gurutze Gorria. Hiru elkarte hauek eskatu duten dirulaguntza osorik jasoko dute. Elkarteek, 431 eta 1.377 euro arteko laguntza jasoko dute.

  Udalaren dirulaguntza jasoko duten elkarte gehienak Gipuzkoa mailan lan egiten dute (AGIFES, ATZEGI, ATECE, GAUTENA...), baina badira egoitza Oñatin dutenak ere, hara nola, Elkarzabal integraziorako elkartea, TRAUTI, Pausoka edota Arantzazuko santutegia eta bertan garatzen den Elkarrekin Bila proiektua.

  Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteen artean 24.768 euro banatuko dira aurten. Elkarteek jasotako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu beharko dute eta horretarako azken eguna 2024ko urtarrilaren 12a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!