Oñatiko udala

Ia 16.000 euroko ekarpena egin dio Udalak UEMAri, urteko kuota kontzeptuan

2024/05/27
Card image cap
Oñati UEMAko kide da 2012tik

  Pasa den abenduaren 16an UEMAren Batzar Nagusia egin zen Orion. Bertan, besteak beste, 2024ko aurrekontua onartu zuten udal ordezkariek eta urteko kuota %3 jasotzea proposatu eta onartu zen. UEMAko udalerri bakoitzak duen biztanle kopuruaren araberako ekarpena egiten du. Oñati 8.001-12.000 biztanle artean dituzten herrien multzoan sartzen da eta ondorioz, 15.970 euro ordaintzea dagokio aurten. Kuota ordainketa bakarrean egitea erabaki zen martxoan eta horretarako agindua eman zen Alkate Dekretuz.

  Oñatiko Udalak 2012ko apirilean erabaki zuen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko eskaera bideratzea eta ekainean onartu zen, Batzar Nagusian. Oñati UEMAko kide dela hamabi urte beteko dira laster. Oraindik indarrean dauden hiru helburu finkatu zituen orduan Udalak: euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzea Oñatiko bizitza sozialaren alor guztietan; herritarrekin harreman zuzena duten esparruetan eragitea, hara nola, osasun arloan, epaitegietan edota enpresatan; eta gure eremu geografikoan eragitea, euskararen arnasguneak zabaldu daitezen. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak berriz, trebakuntza, aholkularitza eta zerbitzu teknikoa eskaintzen die udalei eta herritarrei.

  Orain 10 egun, maiatzaren 18an, hain zuzen ere, ospatu zen Lesakan Udalerri Euskaldunen Eguna, eta UEMAren batzar nagusia egin zen, besteak beste. Euskal Herri osotik joandako ehun bat alkate eta zinegotzi bildu ziren eta Mankomunitatearen jardueraren baitako ohiko kontuez gain, Bakaiku, Ituren, Lakuntza eta Zegamako udalek egindako eskaera onartu zitzaien, UEMAko kide berri bihurtuz. Ondorioz, UEMAk 111 udal biltzen ditu egun, eta guztien artean 346.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!