Ia 1,7 milioi euroko ekarpena egingo dio Oñatiko Udalak Mankomunitateari 2025eko aurrekontuei aurre egiteko
Epelen egingo diren inbertsioek eragin zuzena dute Debagoienako Mankomunitatearen aurrekontu gehikuntzan, hondakin industrialen zabortegia behin betiko ixteko lanak egingo direlako 2025ean. Horrek, 500.000 euroko aurtengo partida ia 7 bider jasotzea eragin du eta 3.340.866 euroko inbertsioak aurreikusi dira. Kontu egin, Mankomunitateak 12.703.000 euroko aurrekontua izan duela aurten eta 2025ean 16.218.000 eurokoa izango dela. Baina udalen ekarpena ez da maila berean jasoko, % 6,57 gehituko baita.
Udalen ekarpena zehazterakoan zerbitzuen araberako irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Irizpide orokorra biztanleen araberakoa da eta zerbitzu orokorretan, garapen agentzian eta turismoan aplikatzen da. Beste zenbait ataletan aldiz, erabiltzaile kopuruaren arabera zehazten da udal bakoitzaren ekarpena. Herriko jarduera ekonomikoari ere begiratzen zaio hainbat zerbitzuren erabilera neurtzeko, herrian dauden industria eta merkatal lokalak kontutan hartzen baitira eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Aldagai guztiak neurtu eta kalkulatuta, Oñatiko Udalak 1.690.000 euro inguruko ekarpena egingo dio Mankomunitateari 2025ean, aurten baino %5,34 gehiago.
Oñatiko Udalaren ekarpena jaso den bezala jaso dira gainontzeko udalenak ere; Oñatikoa bataz bestekoaren azpitik dago, goitik berriz, Arrasate eta Elgetak egin beharko dutena. Baina Oñatik, Bergarak eta Arrasatek 9.500 euroko ekarpen berezia bana ere egingo diote Mankomunitateari Elorregiko autobus geltokiaren garbiketa eta mantenu lanen ordainetan.
Debagoienako Mankomunitatearen gobernu juntak atzo onartu zuen 2025eko aurrekontua. EAJk bi proposamen erregistratu zituen aurrekontuetan txertatu zitezen: gizarte zerbitzuen mapa garatzeko eta birziklapena bultzatzeko eskualde mailako kanpaina egiteko 50.000 euroko partida bana. Aipatu proposamenak zuzenean aurkeztu zuen jeltzalerik ez zen izan aurrekontuen eztabaida saioan baina gobernu juntak bi ekimenekin bat egiten duela eta aurrera eramango direla adierazi digu juntako ordezkari batek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!