Oñatiko udala

Hutsik dauden etxebizitza edo lokalak zaintzapean mantentzeko gomendioa zabaldu da udaltzaingotik

2025/03/26
Card image cap
Hainbat okupazio ahalegin antzeman dira Oñati eta inguruetan azkenaldian

  Hutsik dauden etxebizitza eta lokalak sarritan bisitatuz, zaintzapean mantendu, eta inor sartu ez dadin babes-neurriak jartzearen garrantzia azpimarratu du Udaltzainburuak, ustekabeko okupazioak eman ez daitezen. Mugimendu susmagarriak antzeman dituzte azkenaldian, baita Oñatin ere, eta inor beldurtu gabe, denon eskura dauden oinarrizko neurri eta ohiturak hartzea gomendatu da, arazorik gerta ez dadin eta balizko okupazioak saihesteko.

  Inor bizi ez den Erguina baserrian jendea zebilenaren abisua eman zuen auzotar batek orain 10 egun eta eraikinaren sarrerak egurrez itxi ziren, badaezpada. Izan ere, aste batzuk lehenago, Zubillagako eskolak zirenetan udalak duen etxebizitzetako batean okupak sartu ziren; Udalak Alokabideren esku utzia zuen etxebizitza eta gertatutakoa epaitegian salatuta, epaileak zer erabakiko zain daude udal arduradunak. Halako kasuetan garrantzitsua da ahalik eta azkarren erreakzionatzea, eta gure jabetzan pertsona arrotzen bat sartu bada, horren berri lehenbailehen ematea, kanporatu dezaten. Horregatik, hutsik dauden etxebizitza eta lokalak zaintzapean mantendu eta bertatik sarri pasatzea gomendatzen dute udaltzaingotik, eta balizko sarrera hori oztopatu edo, gutxienik, zailduko duten neurriak hartzea aholkatzen dute. Bizilagunei ere, mugimendu arraroren bat ikusten badute, jabeari edo udaltzainei abisua ematea eskatzen zaie.

  Ez da inor beldurtu nahi, alarma sortzeko egoera ere ez da gurean, baina halakoak gertatu aurretik eskura dauzkagun babes neurriak hartzea gomendatu da udaltzaingotik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!