Hotz Oñati taldeak arropa-kitak eta zereal barratxoak prestatu ditu Aita Mari ontzirako
Aita Mari ontzia Valentzian dago, Mediterraneoan 14. misioa bete eta 86 pertsona erreskatatu ondoren. Sentsibilizazio kanpainaren baitan, ontzia bisitatu eta hitzaldiak eskaintzen dituzten bitartean, hurrengo misiorako prestatzen ari dira. Berriro itsasoratzen direnerako Hotz Oñatik prestatutako materiala izango dute erreskatatu berriei emateko. Konkretuki, 112 arropa-kit eta zereal barratxoak bidaliko dira astean Oñatitik. Gaztelekuko hainbat neska-mutikoren laguntzaz gertatu da materiala asteburuan zehar.
Duintasun kit hauetan arropa eta higiene beharrak betetzeko materiala prestatzen da: txandal, kamiseta, barruko arropa, eskuoihal edo toalla eta edalontzia. Beharraren eta eskuratzen den materialaren arabera kit-ak osatu egiten dira. Oraingoan, Ideko kooperatiba eta Fortuna kirol elkarteak helarazitako arropa eta bestelakoak prestatu dira. Horri, Natrak emandako barratxoak batu behar zaizkio. Guztiei eskerrak eman dizkie Hotz Oñati taldeak, sare sozialetan argitaratu dituen mezuen bidez. Prest dagoen materiala Donostiako biltegira bidaliko da astean. Ondoren, Valentziara helaraziko da, Aita Marikoek 15. misioan erabili dezaten.
Ez da lehen aldia Hotz Oñati taldeak berehalako laguntza emateko kit berezi hauek bidaltzen dituela. Urtean behin, gutxienez, halakoak bidaltzen saiatzen dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!