Hirugarren hilabetez jarraian langabeziak behera egin du Oñatin.
Maiatzean zehar Oñatin izan den langabezia jaitsiera txikia izan bada ere, azpimarragarria da beheranzko joerari eutsi diola eta hori jarraian gertatzen den hirugarren hilabetea dela. Jetsiera, esan bezala, apala izan da, apirila amaieran baino 3 lagun gutxiago, baina jaisteko joera hau abiatu zen otsaila amaieran baino 22 langabetu gutxiago dago gaur egun gurean.
Eta jaitsiera, bereziki emakume langabeen artean gertatu da, azken hilabetean, 7 emakume gutxiago erregistratu baitira Lanbideko bulegoan. Gizonezkoen artean berriz, 25 eta 44 urte arteko gizonezkoen langabeziak behera egin duen arren, 25 urte baino gazteagoak eta 45 urtetik gorakoenen kopurua hazi egin da.
Hala, langabezian dauden gizon eta emakumeen portzentajea parekatzen ari da. Batzuen eta besteen artean 10 puntuko aldea ere ez dago. Une honetan, Oñatin langabezian daudenen %45 eta erdia gizonezkoak dira eta %54 eta erdia berriz, emakumeak.
Urte ezberdinetako datuak begiratuta, maiatzean zehar langabeziak behera egitea ohikoa da gurean. 2009an ez zen hala gertatu baina bai ondorengo urteetan. Eta aurten berriro ere, joera errepikatu da.
Oñatin bezala, Debagoienean ere langabeziak behera egin du azken hilabetean. Eskualdeko datuei erreparatuta, herrian aipatu dugun jaitsiera apala errepikatu dela esan genezake, 8 herrietako langabetuen kopurua kontutan hartuta, 51 gutxiago bakarrik zenbatu direlako. Oñatin bezala, Aretxabaleta, Bergara, Eskoriatza, Leintz-Gatzagan aurreko hilabetean baino langabe gutxiago dago orain, eta Arrasaten eta Antzuolan, aldiz, gehiago. Elgetan ez da aldaketarik izan.
Lanbide zerbitzutik jaso ditugun maiatzeko datuen arabera beraz, une honetan Oñatin, 511 langabe daude, apirila amaieran baino 3 gutxiago. Edo beste era batera esanda, herriko populazio aktiboaren % 9,74 lana topatu ezinean dago.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!