Oñatiko udala

Hirugarren aldiz abiatu da Torreauzoko bidegurutzean oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanen esleipen prozesua

2023/05/22
Card image cap
Arrosa kolorez agertzen diren bi esku-hartze egingo dira
Aurreko bietan ez da eskaintzarik jaso udal bulegoetan

  Goribarko biribilgune berriaren lanak aurrera doazen bitartean, hauen osagarri izango diren irisgarritasuna hobetzeko lanak esleitu gabe daude oraindik. Otsailean abiatu zuen Udalak ezerezean geratu zen lehenengo deialdia, martxo akaberan berriro argitaratu zen esleipenerako deialdia, aurrekontua jasota, baina orduan ere ez zen enpresarik aurkeztu, eta orain, hirugarren aldiz deialdia errepikatzea erabaki da. Ekainaren 9ra arteko epea dago proposamenak presentatzeko. Oraingo deialdi honetan lanetarako aurrekontua eta epea bere horretan mantentzea erabaki du gobernu taldeak, eskaintzarik ez jaso izana, lizitazioaren berririk ez izateari edota lanpetuta ibiltzeari egotzita.

  Otadui zuhaiztitik Torreauzora eta Kanpiazelaitik Torreauzora oinezkoen irisgarritasuna bermatu nahi du Udalak, inguruan egokituko den autobus geltokirako bidea egitearekin batera. Foru Aldundiaren aginduz egiten ari diren Goribarko biribilgunearen osagarri diren lan hauetan errotonda Kanpiazelai industrialdearekin eta Otadui zuhaiztiarekin lotuko da, oinezkoentzako bidea eginez, eta Diputazioak eratuko dituen bi autobus geltokietarako bidea prestatuz. Lanak 8 asteko epean egitea aurreikusten da eta bi fasetan egingo dira, trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko; biribilgunea Kanpiazelai industrialdearekin lotzeko espaloia, batetik, eta biribilgunea Otadui zuhaiztiarekin lotzekoa, bestetik. Lotura hau Urbieta baserri aurrealdetik egingo da.

  Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanok 91.747 euroko lizitazio aurrekontua dute. Lanak esleitzerakoan eskaintza ekonomikoa lehenetsiko da, 75 puntu eskuratzeko bidea emanez, eta beste 5 lortu ahal izango dira, berme epea luzatuta.
Torreauzoko bidegurutzean oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanen esleipenera proposamenak aurkezteko epe berria ekainaren 9an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!