Oñatiko udala

Hiru egitasmo diruz lagunduko ditu Udalak Auzotasuna deritzon atal gehigarritik

2024/06/20
Card image cap
Sei proposamen aurkeztu dira

  2013an sortu zuen Udalak Auzotasuna deritzon diru poltsa eta ia 117.500 euroko partida dago aurten. Dirua herrian dauden 16 landa auzoen artean banatzen da, erroldatutako auzotarren eta baserri kopuruaren arabera. Badira ordea, auzoek bultzatu baina Udalaren eskumenekoak zein ardurakoak diren hainbat lan edo auzoaz gaindiko herri onura izan dezaketen egitasmoak. Auzoek egitasmo horietara bideratutako finantzazioari diru ekarpen gehigarria egiten dio Udalak eta aurtengo dirulaguntzak esleitu berri dira.

  Bi eskaera ez dira baloratu, bat, egitasmoari zegokion aurrekonturik zehaztu ez zuelako eta bestea, Araoztik bi proiektu aurkeztu zirelako, nahiz eta oinarrietan, auzo bakoitzean proposamen bakarra diruz lagunduko dela jasotzen duen. Beste laurak aztertu eta aurrez finkatutako irizpideen arabera baloratu dira eta puntuazio altuena lortu duten hirurak diruz laguntzea erabaki da: Araozko ostatu ondoan jolas parkea eratzea, Larrañan, Errkalde-Urkullueta baso pista konpontzea eta Gargaltzan, Iruatz baserrirako bidean biondak jartzea. Zañartun auzoko lokalari estalkia egokitzeko proposamena ere aurkeztu zen baina laguntzarik gabe utzi da, ez baitago nahikoa diru. 22.000 euroko partida zuen Udalak, Auzotasuna deritzon atal gehigarri honetarako eta onartutako hiru proiektuetara 14.536 euro bideratzea erabaki da. Zañartukoek 19.500 euro eskatu dituzte.

  Jaso diren proposamenak hiru irizpideren arabera baloratu dira: herri onuraren irismena, auzoaren kofinantziazio maila eta auzolana. Proposamenen kofinantzazio maila eta herri onuraren irismen maila erabakigarriak izan dira puntuen banaketan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!