Oñatiko udala

Hilerrirako hormigoi polimerozko 1.400 plaka hornitzeko lizitazioa abiatu du Udalak

2024/10/22
Card image cap
Egungo fibrozementuzko plakak ordezkatzeko tapa berriak eskuratu behar dira

  Hilerriko 2. luzapenaren 3. faseko eremuan dauden nitxoetako itxitura-tapak fibrozementuzkoak dira, hau da, amiantoa dute. Material honen manipulazioa osasunerako arriskutsua da, gainera, erraz apurtu daitekeen materiala dela kontutan hartuta, aldatzeko erabakia hartu zen osteguneko gobernu batzarrean. Aldi berean kendu eta jarriko dira, nitxoak ixten dituzten fibrozementuzko plakak eta berriak. Horregatik, ordezkatze lanetan hasi aurretik, tapa berriak eskuratzeko hornitze -prozedura abian jarri da, lizitazio iragarkia publiko eginez, atzo bertan.

  Berez ordezkatu beharreko tapak 1.385 dira, baina, badaezpada, hormigoi polimerozko 1.400 eskuratu nahi ditu Udalak. Pieza bakoitzaren tamaina ez da txikia: 642 mm luze, 750 mm zabal eta 15 mm-ko lodiera duten plakak izan behar dutela zehaztu da lizitazio oinarrietan. Unitate bakoitzeko gehienezko prezioa 19 eurotan zehaztu du Udalak, 1.400en kostua, ondorioz, 26.600 eurokoa litzateke, BEZa kanpo utzita. Horren pareko edo merkeagoa den eskaintza egin behar dute enpresek lizitaziora, jakinik, esleipenerako irizpide bakarra eskaintza ekonomikoa izango dela. Behin lanak esleituta, hiru hilabeteko epean hornitu beharko dira tapa berriak. Azaroaren 5a da lizitaziora proposamenak aurkezteko azken eguna.

  Nitxoetako itxitura plaken aldaketak ez du inolako kosturik izango jabeentzat. Estetikoki ere aldaketa egin denik ez dute antzemango, ordezkatuko den tapa ezkutuan geratzen delako. Amiantodun tapak kendu eta kudeatzeko zerbitzua KUBER enpresari esleitu zaio. Hormigoi polimerozko ordezko plakak hornitzeko lizitazioa martxan jarri berri da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!