Hilerriko horma-hobiak ixteko hormigoi polimerozko 1.400 plaka eskuratzeko lizitazioa aztergai da arratsaldeko Gobernu Batzarrean
Kanposantuko ia 1.400 nitxotako itxitura plakak aldatzea erabaki zen irailean. Konkretuki, hilerriko 2. luzapeneko 3. faseko lanen eremuan dauden nitxoetako fibrozementuzko plakak aldatuko dira. Amiantoa ez duten beste material bateko estalkiz ordezkatuko direla erabaki zuen gobernu taldeak, eta gaurko batzarrean material hori hormigoi polimero izatea proposatuko da. Nitxoetako egungo itxitura plakak kendu eta berriak jartzea aldi berean egingo da. Horregatik, lanean hasterako, hormigoi polimerozko plakak eskuratu behar dira. Plaken hornidurarako lizitazioa abiatzeko erabakia proposatuko zaio gobernu taldeari arratsaldeko bileran.
Oñatiko XVII. erakusleiho lehiaketarako oinarriak onartu eta deialdia zabaltzeko proposamena ere mahai gainean izango da. Herriko merkatari eta zerbitzu lokalei zuzendutako erakusleiho lehiaketak 17. aldia beteko du aurten. Abenduan, Gabonen bueltan egiten da eta aurten ere hala egin asmo da.
Herriko merkatariekin lotura duen beste gai bat ere aztertuko da arratsaldeko gobernu batzarrean, Udalak eta Arrasateko Ibai-Arte elkarteak duten hitzarmena berritzeko. Debagoieneko merkataritza dinamizatzeko bulego teknikoari babesa adierazteko, hitzarmena sinatu zuten Oñatiko Udalak eta Ibai-Arte Arrasateko Merkatal eta Zerbitzuen Elkarteak. Hitzarmena iraungitzeko puntuan dago eta berritzea proposatuko da gaurko bileran.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!